Kike Vierbücher argazkilariak egindako lanen erakusketa Joan Kruz ile apaindegian
Aitor Altunaren jabetzakoak dira argazkiak. Irailera arte egongo dira ikusgai.
Argazkiz osatu du erakusketa berria Joan Kruz ile apaindegiak. Uztailean eta abuztuan zehar, Kike Vierbücher Fernandezek (1962-1996) egindako argazki batzuk egongo dira ikusgai, Aitor Altuna legazpiarraren jabetzakoak guztiak.
Foto Luz etxeko argazkilari-familiako gazteena zen Kike ((1962-1996). Jose Vierbücher Llopisek ireki zuen lehen estudioa Zumarragan 1955ean, eta Legazpikoa 1977an ireki zuten. Riki eta Pako anaia zaharrenek zeramaten negozioa, eta Kikek lagundu egiten zien argazkiak egiten eta bideoak grabatzen. Gainera, bere aldetik ateratzen zituen argazkiak, eta hainbat erakusketa egin zituen Victor Provanzarekin.
Aitor Altunak Kikeren lanak jarri zituen ikusgai orduan Legazpin zuen Izarra Pubean, eta bilduma hura erosi egin zuen. Hain justu, argazki haiek dira orain Joan Kruz ile apaindegian ikusgai daudenak. Rock eta jazz kontzertuetako irudiak dira.
Urretxuko Eguzkia tabernan
Kike Vierbücherren argazki gehiago Urretxuko Eguzki tabernan ere ikusi daitezke. Duela bi urte haren anaia Pakok omenaldi bat egin zion beste erakusketa batekin, eta ordukoak dira Eguzkiakoak.