Geltokietako jaietarako autobus zerbitzua egongo da gauez Legazpitik
Lurraldebus enpresak eskainiko du zerbitzua ostiralean eta larunbatean, Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak antolatuta.
Urretxu-Zumarragako Geltokietako jaietan autobusa egongo da Legazpitik gauez, ostiralean eta larunbatean. Autobus bat aterako da orduero 23:30etik 05:30era Legazpitik, eta 00:00etatik 06:00etara Urretxutik. Legazpiko Saturnino Telleriako biribilgunean, eta Urretxun, Mugitegiko biribilgunean geldituko dira.
Lurraldebusek eskainiko du zerbitzu hau, Azahara Dominguezek gidatzen duen Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak antolatuta.
Azahara Dominguez diputatuak berak eta Urretxuko eta Zumarragako alkate Jon Luquik etaMikel Serranok eman dute zerbitzuaren berri.
Garraio publikoa eta segurua
“Beste herri askotan egiten ari garen bezala, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik Lurraldebuseko gaueko zerbitzuak jarriko ditugu asteburu honetan Urretxuko jaietara hurbildu nahi duten pertsona guztiek modu jasangarri, seguru eta erosoan egin dezaten. Gainera, ezin dugu ahaztu garraio publikoa dela pertsona askok mugitzeko duten modu bakarra, eta, beraz, aisialdirako sarbidea ere bermatu behar dugu”, adierazi du Azahara Domínguezek.
Bestalde, Luquik adierazi duenez, “ekimen horri esker, inguruko udalerrietako biztanleek bi udalerrietako jai herrikoiez gozatu ahal izango dute, Urretxuk eta Zumarragak partekatzen duten auzo batez, geltokiez; garai batean Iparraldeko, Euskal Herriko eta Urola trenbideko konpainien geltokiak elkarrekin bizi ziren, eta horrek kanpotarren topaleku eta erakargarri bihurtzen zituen gure herriak; gaur egun, auzo horretako udako jaiek egiten duten bezala, horietara modu seguruan eta arduratsuan joan ahal izango gara”. Hasieratik bukaerara jai horietaz “denek gozatzea” espero duela ere adierazi du.
Azkenik Serrano, Zumarragako alkateak “etortzeko eta gure ospakizunez gozatzeko gonbita” luzatu die “guztiei”, eta garraio publikoa erabiltzeko gomendatu du. Horretarako, “gure gaueko zerbitzua indartu dugu, jaiez modu seguruan eta arduratsuan gozatu ahal izatea bermatzeko, autoaren erabilera saihestuz. Jai hauek elkarrekin konpartitzeko eta ospatzeko aukera bat izatea nahi dugu, arriskuak minimizatuz eta gure ingurunearen iraunkortasunari lagunduz. Besoak zabalik itxarongo zaituztegu Geltokietako festa ahaztezinak ospatzeko!”.