Aire libreko lehen lekak iritsi dira, Aramatik
Oraindik ez dago leka asko ferian, eta gehienak negutegikoak dira. Kuiatxoak, berriz, ugaritzen ari dira, eta Maite Iturbek ogia egiteko erabili ditu. Fruta saltzaileen postuetara Klaudia arana iritsi da.
Eguraldiak ez duela laguntzen esan eta esan ari dira baserritarrak, baina, apalago bada ere, baratzak bere martxan jarraitzen du, eta feriara eramateko adina produktu ematen du. Aire libreko lekak izan dira iristen azkenak.
Duela gutxi agertu ziren urteko lehen lekak, negutegikoak, eta gaur, Aramako Jaione Irazustak aire librekoak ere jarri ditu salgai, “muestrako”. Santiago egunerako beste urte batzuetan «barra-barra» izaten direla esan du aramarrak, eta aurten, betiko garaian iritsi direla, oraindik gutxi badira ere. Etorriko denaren aurrerapena besterik ez da izan postu horretan ikusi dena. Leka zapalak ziren, eta kiloa 7 euroan jarri du salgai.
Esan behar da ez dagoela leka askorik salgai oraindik ferian, eta are gutxiago aire librekoa. Baserritar batzuek esan dute eguraldiaren eraginez galdu egin zaiela, eta beste batzuek, oraindik loretan dutela. Irazustak aurreratuago ditu nonbait, «saila eguteran dugu, eta horrek asko lagundu du».
Kuiatxoekin egindako ogia
Aire libreko kuiatxoak, berriz, geroz eta ugariagoak dira, eta tamaina handikoak ere ikusten dira, beroarekin egun batetik bestera hazten direlako ikaragarri. Kiloka erosteko, 2,50 euroan daude, eta piezaka erosiz gero, tamainaren arabera, euro batetik 3ra bitartean.
Era askotara jan daitekeen produktua da kuiatxoa, eta erabilera ugari ditu sukaldean. Maite Iturbe okinak era atera die etekina, ogi berezi bat prestatu duelako. Negu garaian kuiarekin egindako ogia izan zuen salgai, eta haren arrakasta ikusita, kuiatxoarekin ere egin du froga. Gaur aurkeztu ditu lehen opilak, eta 0,80 euroan jarri ditu salgai. Ikusmina eragin dute, eta bezero askok probatzeko eraman dituzte.
Udazkenerako landareak
Landareak ere aipatu behar dira, berriz ere ilara luzeak sortu direlako plazako hiru salmenta postuetan; «porruak landatzeko garaia da», azaldu du saltzaileetako batek. Bestela, udazkenari begira jarrita, eskarola eta txikoria eskaintzen ere hasi dira, landare bakoitza 0,20 euroan. Hala ere, oraindik tomatea eta piperra erosten duenik ere bada.
Eta perretxikoetan, berri askorik ez, eskaintza gutxitzen doalako astetik astera. Lasak gaur kilo erdi ziza jarri du salgai (kiloa 40 euroan), eta Barcinarenak ere batuta, 40 kilo ziza hori (18-20 euro) eta beste 40 kilo onddo (15-33 euro) ere izan dira salgai.
Fruten atalean, aipagarriena San Joan sagarrez beteriko postua izan da gaur goizean, Gabiriako Jose Antonio Elosegirena; kiloa 3,5 euroan saldu ditu. bestetik, marrubiak ere aipatu behar dira. Patxi Arizmendik hiuru-lau kilo eraman ditu feriara, baina erakusgai jartzeko denborarik ere ez du izan, sukaldari batek erosi dizkiolako denak (kiloa 8 euroan).
Kanpokoetan, Klaudia aranak
Eta kanpoko fruten atalean, Klaudia arana iritsi dela esan behar da. Zuhaiztiko saltzaile guztiek zuten, kiloa 4,5 eta 5,9 euro artean.
Bestela, postuak garaiko fruta koloretsuz beterik dituzte azken asteotan, izan gerezi, izan melokotoi, izan meloi. Madariak ere berritzen hasita daude, eta azkena iritsi dena canelle motakoa da (2,95-3,95 euroan kiloa).