Telefono kabinak liburutegi bihurtu dituzte Ordizian
Urdaneta kalean eta Buztuntza auzoan bi kabina egokitu eta berrerabili dituzte. Kabinei eta liburuei bigarren bizitza bat eskaini nahi izan diete Ordizian.
Herrietako paisaiaren parte garrantzitsuak izan dira urte askotan telefono kabinak. Telefono mugikorraren etorrerarekin, ordea, funtzioa galtzen joan dira eta pixkanaka telefono kabinak kentzen ari da Telefonica kaleetatik. Herri batzuetan historian hain garrantzitsuak izan diren elementuak mantendu eta bigarren bizitza bat emateko hautua egiten ari dira. Horixe da Ordiziako Udalak egin duena, bi kabina eraberrituta.
Liburutegi bihurtu dituzte Urdaneta kaleko eta Buztuntza auzoko bi kabinak. Urdanetakoa horiz margotu dute eta Buztuntzakoa arrosez. Barruan berriz, telefonoa kendu eta zurezko apalak jarri dituzte, liburuak jartzeko.
Liburuen elkartrukerako guneak dira orain. Kabinaren sarrerako atearen goiko aldean, Liburutegi Ibiltaria jartzen du, eta bi aldamenetan, erabilera berria duten elementuen azalpenak ageri dira: «Hartu, gozatu eta… bueltatu» jartzen du batean; eta bestean, «Ekarri etxean dituzun liburuak eta bigarren bizitza bat eman». Beste abantaila bat ere badu: edozein ordutan dagoela irekita liburutegi ibiltaria.
Barrenako liburutegia goizez
Barrenako liburutegiaren udako ordutegiarekin hasita dagoela jakinda, are eta erabilgarriagoak izango dira kabina-liburutegiak. Izan ere, Barrenako liburutegia goizetan (09:00etatik 14:00ak arte) bakarrik egongo da irekita hilaren 19ra arte, eta uztailaren 20tik irailaren 1era arte itxita egongo da.
Dena den, ikasgela irekita egongo da astelehenetik ostiralera 08:00etatik 20:00etara, larunbatetan, 09:00etatik 20:00etara eta igandeetan 09:30etik 20:00etara. Hilaren 19tik irailaren 2ra itxita egongo da.