Legazpiko ur txorroten parkea, txikien gozamenerako egunero irekita
Uztalai udalekutako haurrek estreinatu zuten ostiralean. Hamalau ur txorrota eta jolas ditu instalazioak. Xaboia eta xanpua ez erabiltzeko eskatu du udalak, uraren filtroak zikintzen direlako.
San Ignazio auzoko ur txorroten parkeak estreinaldi ezin hobea izan du, eguraldi onez lagunduta jarri zutelako martxan joan den ostiral goizean instalazioa. Uztalai udalekuetan parte hartzen ari diren haurretako batzuk izan zuten zerbitzu berria estreinatzeko pribilegioa, eta asteburu osoan, eguraldia lagun, jende ugari ibili da bertan, urarekin jolasean.
Parke berriak «arrakasta handia du», udalaren esanetan, eta eguraldi beroa egiten duenerako herriko txikienentzako eta gaztetxoentzako jolas alternatiba bikaina bihurtu da.
Auzoko haur parkearen beheko aldean dago kokatua ur txorroten instalazio hau, bi gunetan banatuta. Batetik, haurtxoentzako txokoa dago, eguzkitik babestuta, eta bestetik, haur nagusiagoei zuzendutakoa, elementu erakargarri eta dinamikoagoekin hornituta. Denera, 14 txorrotez eta jolas elementuz osatuta dago parkea, eta guztiek zirkuitu itxiko ura botatzen dute.
Parke hau egunero dago zabalik, 10:00etatik 20:00etara. Behin-behineko komun bat ere jarri dute ondoan, ordutegi berarekin zabalik egoten dena.
Erabilera desegokiak
Baina txorroten parkea martxan jarri eta egun gutxitara, arazo batzuk sortu dira funtzionamenduan, erabilera desegokiaren ondorioz. Udalak jakinarazi duenez, gehienek ondo eta errespetuz erabiltzen dituzte instalazioak, baina denek ez, eta «adibidez, batzuk xanpua eta xaboia erabiliz, burua garbitu dute txorrotetan». Horrek eragina du funtzionamenduan, «zikinkeriak eta, batez ere xaboiak, filtroak ixten dituelako». Aldi berean, gogoratu du igerilekuen antzeko instalazioa duela ur parkeak, eta zirkuitu itxi batean mugitzen dela ura.
Astelehen arratsaldean izan zituen arazoak funtzionamenduak, lehen aipatutako arrazoiengatik, eta udal brigadak garbiketa-lan bereziak egin behar izan ditu horiek konpontzeko. Garbiketa lanak atzo goizean egin zituzten, eta horregatik 11:00etara arte ezin izan zuten ireki jolas gunea.
Ur txorroten parkea erabiltzen ari direnen artean portaera desegokiren bat ikusiz gero, udaltzaingoari 092 telefono zenbakira deitzeko eskatu die udalak herritarrei. «Guztion artean zain dezagun denon gozamenerako den ur parkea».