Oria ibaiaren garbiketa
Oria ibaian pilatutako zaborra bildu dute herritarren laguntzarekin, Igartza inguruan. Ibar-basoan dauden landare inbaditzaileak erauzteko ere laguntza eskatu dute.
Olatz Erkizia azalpenak ematen bilketarekin hasi aurretik. Ariane Vierbücher Azken hilabeteetan Oria ibaian pilatzen joan den zaborra bildu zuten atzo arratsaldean, Beasaingo Udalak antolatuta, Aranzadi zientzia elkartearen eta herritar gutxi batzuen laguntzarekin.
Garbiketa lanak egiteko, 17:00etan zuten hitzordua, Igartzako Monumentu Multzoan. Udalaren helburu nagusia da, biodibertsitatearen kontserbazio egoera hobetzea, eta ekintza hau herritarren parte hartzearekin eginda, sentsibilizazioa sustatzea.
Olatz Erkizia zientzia elkarteko botanika saileko biologoak ibai garbiketa auzolanean egitearen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen. Horrelako, garbiketa lanekin, «plastikoak, burdin zatiak, eta bestelako hondakinak» bildu ohi dituzte. Aurreratu zuen ere, auzolanean egindako lana osatzeko, irailean, garbiketa enpresa espezializatu batek, lan sakonagoak egingo dituela.
Inbadidatzaileak erauztea
Oria ibaiaren garbiketan bigarren deialdi bat ere egin dute. Landare inbaditzaileen erauzketa egitea izango da hurrengo pausoa, uztailaren 17an (asteazkena). Igartza Monumentu Multzoko ibai eremuan egingo dute, baina lehen topalekua Antzizar kiroldegian izango da, 17:00etan. Kiroldegitik paseotxo bat emanez ibaian dagoen landarediaren azalpen batzuk emango ditu Aranzadik eta Igartza Monumentu Multzora zuzenduko dira, boluntarioekin batera, landare inbaditzaileen eskuzko erauzketa egiteko.
Kasu honetan ere, parte hartzeko inprimakia bete behar da Beasaingo Udalaren webgunean sartuta.

Oria ibaiaren ibarrean garbiketa lanak egiten.Ariane Vierbücher












