537 korrikalari, Txindokira bidean
Abiatu da Goierriko Bi Handiak lasterketa. 90 kilometro dituzte aurretik, bi maratoi baino gehiago, eta tartean Txindoki eta Aizkorri igoko dituzte.
Goierriko Bi Handiak lasterketa jokoan da. 20:00ak puntu-puntuan abiatu dira 537 korrikalariak Beasaingo plazatik. 90 kilometroren eta 5.500 metroko desnibel metatuaren ostean, bertara itzuliko dira korrikalariak.
Ibilbidearen gogortasunari baldintza klimatologikoak batu behar zaizkio. Ez da euririk espero baina hotz egingo du. Horregatik, irten baino lehenago, Mikel Valdivielso lasterketako arduradunak kontuz ibiltzeko eskatu die korrikalariei. Leire Artola alkateak animoak eman dizkie. Herriko dantzariek agurra dantzatu diete eta bertsolariek, kantatu.