Aldanondok Aguraingo gaztandegia berreraikiko du
Aste honetan jakin denez, egoitza Olaberrian duen Quesos Aldanondo enpresak Aguraingo gazta-fabrika berriz eraikiko du. Epaitegietan da 2018ko sutearen ondorioen kontua, eta Generali aseguru etxea gaztagileari 34 milioi euro ordaintzera behartu du Arabako Probintzia Auzitegiak, errekurtsorik jar ezin dakiokeen epai irmoan.
Aldanondoren Aguraingo pabiloia 2018ko abuztuan suntsitu zen, biltegian sortutako suak erabat kiskalita. Enpresak auzitara eraman zuen Generali, polizaren 44 milioi ez emateagatik. Segurtasun neurriak aktibatu gabe zeudela argudiatuta, uko egin zion aseguru-etxeak. Lehen instantzian, auzitegiak ontzat jo zuen.
2021eko martxoan irauli zen auzibidea. Sutea nahita piztua ez zela izan frogatu zuen enpresak, eta 29,4 milioiko kalte-ordaina finkatu zioten. Bi aldeek errekurritu zuten, eta Auzitegiak 2022an berretsi zuen sententzia, baina ordaina 20 milioira jaitsita.
Irmo bihurtu da orain epaia, eta Generalik Aldanondori 20 milioi gehi beste 14 milioi berandutzeagatiko %20ko tasagatik eman beharko dizkio, 34 denera. Gaztandegia berreraiki eta 2026rako berriro lan-jardunari heldu nahi diola adierazi du, kalte-ordaina «berehala» jaso ondoren.