«Beteranoen ligako maila igotzen doa urtetik urtera estropadetan»
Legazpin bizi da duela 22 urte, baina azpeitiarra da Aritz Segurola (Azpeitia, 1972), eta arraunean egiten du Zumaian, beteranoen taldean. Bigarren doaz sailkapenean, estropada ligan. Aita Mari Arraun elkartea da kluba, eta Telmo Deum, traineruaren izena.
Nola hasi zinen arraunean Azpeitikoa izanda?
Uda batean, estropada denboraldia bukatu eta gero, irail hasieran edo, lagun batek esan zidan bere lantokitik batzuk Zumaiara joaten zirela arrauna egin eta arratsalde pasa, eta ea haiekin joan nahi nuen. Ni kirol munduan nenbilen orduan, eta probatuko nuela esan nion. Probatu, gustatu, eta horrela hasi nintzen, 24 urte nituela. Arraunak zerbait dauka tira egiten dizuna, eta lagun giro polita topatu nuen gainera.
Eta arraun elkartean sartu zinen.
Bai, Aita Mari Arraun Elkartean, eta talde nagusiarekin hasi nintzen lehian. Zortzi denboraldi egin nituen.
Zein izan zen garai hartako Zumaiaren lorpenik handiena?
Orioko bandera irabazi genuen, Orio, San Pedro eta San Juan punta-puntan zeuden garaian. Baina guk gure txanda irabazi genuen, eguraldia aldatu zen, eta horrela lortu genuen bandera. Arraunak hori dauka, tandatik tandara eguraldia aldatu daiteke, eta onerako edo txarrerako izan daiteke.
Zergatik utzi zenuen orduan?
Legazpira etorri nintzenean utzi egin behar izan nuen, urrutirago nengoelako, lanak denbora askorik uzten ez zidalako eta umeak txikiak nituelako. Baina batez ere, lanagatik. Kamioarekin ibiltzen nintzen, eta ordutegiagatik ezinezkoa zen ondo entrenatzea. Pena handiz, uztea erabaki nuen.
Dedikazio handia eskatzen al du arraunak?
Oso lotua da. Gogortasunaz aparte, lotura handia da. Urte osoan entrenatzen da. Ematen du arrauna uda partean bakarrik egiten den kirola dela, baina negua ere oso gogorra izaten da, entrenamendu aldetik.
«Gogortasunaz aparte, lotura handia da. Urte osoan entrenatzen da. Ematen du arrauna uda partean bakarrik egiten den kirola dela, baina negua ere oso gogorra izaten da, entrenamendu aldetik»
Zer du neguak?
Neguan zailagoa izaten da itsasoan entrenatzea, itsaso txarra izaten delako askotan. Guk zorte handia dugu Zumaian, itsasadarra dugulako. Luzea da, eta babestuta dago uretan entrenatzeko. Baina eguraldia dela, edo arraunlari batzuk ezin dutela… Ilunduta entrenatzen da normalean, eta oso gogorra da.
Hobe udan, orduan.
Bai, udan askoz ere hobeto da. Eguraldia ona izaten da, eguna luzeagoa… Neguko lana eginda duzu, eta disfrutatzen hasten zara. Gainera, lehia ere hasten da, eta jendea hurbiltzen da ikustera eta animatzera. Beste erritmo batekin bizitzen dugu uda partea.
Orain beteranoen taldean zabiltza. Noiztik?
Nahiz eta arrauna utzi, ez nuen galdu harremana lagunekin, eta abenduan urtero afaria egiten genuen Orioko festetan. Afari haietako batean, duela 12 urte edo, beteranoen liga bazegoela aipatu zuen batek, eta handik 10-12 laguneko talde bat atera zen, eta hasi, eta orain arte. Aurtengoa 12. urtea da beteranoetan.
Zein da zure lekua traineruan?
Traineruan hamahiru joaten gara, patroia barne, eta nire lekua ababorren dago.
Nolakoa da beteranoen liga?
Gurea, ABE Arraunlari Beteranoen Elkarteak antolatutako La Salve liga da, eta Bizkaiko, Gipuzkoako, Kantabriako eta Lapurdiko klubek parte hartzen dugu. Lehen, liga nagusiko denboraldi bera egiten genuen, baina gure adinarekin abuztuan arraun egin behar izatea, lotura handia iruditzen zitzaigun, eta urtea antolatzeko talde guztien artean irailean egiten dugun bileretako batean proposatu zen lehenago hasi eta lehenago bukatzea. Hala, irailean hasten gara entrenatzen neguari begira, eta bukatzen dugu uztaila amaieran. Hamaika hilabeteko denboraldia da, guztira, baina estropadak aurten maiatzaren 4an hasi eta hilaren 27an amaituko dira.
«Bai, gorputzak eusten didan bitartean jarraituko dut, eta etxekoen babesa orain arte bezala izaten badut, hori ere beharrezkoa delako ni ibiltzen naizen bezala»
Liga bukatzear dago, beraz.
Bai. Hiru estropada geratzen dira. Asteburu honetan Plentzian dugu, hurrengoan Zumaian geure bandera, eta hilaren 27an Getxon amaituko dugu.
Nola zoazte txapelketan?
Aurten sekula baino hobeto, bigarren goaz eta bigarren amaitzea espero dugu. Lehen postua Orion dago, baina horiek koskatxo bat aurretik doaz. Gure taldea ona da, baina besteak hobeak dira. Hala ere, denboraldi hasieran denok sinatuko genukeen horrela ibiltzea, eta bigarren amaitzea.
Zein da helburua?
Ligan urtetik urtera maila igotzen ari da, eta oso gogorra eta, aldi berean, oso polita ari da jartzen ari da beteranoen liga. Gu oso denboraldi ona egiten ari gara, eta ondo bukatuko dugu. Zaila izango da Oriori irabaztea, baina lehen esan dut, arraunean edozer gauza gerta daiteke, itsasoa, eguraldia edo ziaboga bat gaizki hartzen duzula… Hiru estropada geratzen dira, eta ea bandera bat irabazten dugun. Zumaiakoa baldin bada, hobe. Hortxe dugu itxaropena jarrita. Denboraldia ixteko bikaina litzateke.
Jarraitzeko asmorik ba al duzu?
Bai, gorputzak eusten didan bitartean bai, eta etxekoen babesa orain arte bezala izaten badut, hori ere beharrezkoa delako ni ibiltzen naizen bezala.