Ordizia Zabalik diru laguntzetan, 27.000 euro
Ordiziako Udalak 27.000 euroko aurrekontua bideratu du 2024an. Ordizia Zabalik diru laguntza programaren hamargarren deialdiaren bitartez herriko merkataritza biziberritzen jarraitzea da udalaren helburua
“Belaunaldien arteko errelebora, negozio berritzaileetara eta ekintzaileei orokorrean laguntzera bideratutako” programa da Ordizia Zabalik, “pertsona ekintzaileen bidez eta gertuko merkataritzan belaunaldien arteko errelebuari erantzuna emanez merkataritza lokal hutsak berreskuratzea” du helburu.
Horretarako Ordiziako Udalak 27.000 euroko diru laguntza lerroa du aurtengorako. “PERCOk, Ordiziako Merkataritza Eraberritze Plan Bereziak, jasotzen duen jarduketa-ildoetako bat zen Ordiziako merkataritza eta ekonomia suspertzea, Ordiziako merkataritza eta ekonomia biziberritu egiten zituena, merkataritza-lokalei erabilera berriak emanez; eta proiektu hori abian jartzearekin batera, Ordiziako merkataritza eta ekonomia biziberritu egin ziren, horri esker, merkataritza-lokalei erabilera berriak eman zitzaizkien eta ondoren horri jarraipena eman zaio oraingo hamargarren deialdira iritsiz”.
Honela, Ordizia Zabalik programarekin, “herrian ez dauden negozio berritzaileak erakarri” nahi ditu udalak. Eta baita, “herriko gune desberdinetako beharrak asebete, belaunaldi aldaketari erantzun bat” eman ere.
Diru laguntzarekin ekintzaileei lokalaren alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzeko erabiltzen da baita lokala erosketaren kasuan katastro-balioaren %4an laguntzeko, gehienez 3.000 euro. “Alokairuaren kasuan, laguntza hori gehienez ere bi urtez jaso ahal izango dute ekintzaile berri hauek, 2024ko urtarriletik atzeraeraginezko izaerarekin: udalak %40 finantzatuko du (300 euro gehienez hilean)”.
Ordiziako Udalak jakinarazi duenez, “aurreko deialdiak batuz, 60 ekintzaile baino gehiago izan dira laguntza-programara batu direnak, eta ekintzaileen jarraipena %80koa izan da”.
Herritarren esku
Dena den, udalak argi du, “herriko merkataritza bizirik mantentzeko erabakia bere eskuetan duena herritarra” dela. “Ekintzaileen ekimen desberdinak eta udalaren laguntza desberdinak ez dira nahikoa izango herritar eta bezeroen azken pausorik gabe eta udalak baita ekintzaile berriek ere horretarako deialdia egin die”.