Ioseba Eskuderok irabazi du G2H, bigarren urtez jarraian
Lasterketa buruan osatu ditu 90 kilometroak idiazabaldarrak. Bigarren Ander Iñarra sartu da Beasaingo helmugan, ia 14 minutura, eta hirugarren Urko Arizeta asteasuarra. Orain bi urte hirugarren sailkatu zen idiazabaldarra, iaz garaile eta aurten ere bai. Gaurko garaipena hiruretan bereziena izan dela nabarmendu du.
Ehunmilak trilogiako lasterketa ertaina, Goierri Bi Handiak, Ioseba Eskudero idiazabaldarrak irabazi aurten ere, 90 kilometro 10:01:33 denboran osatu ondoren (iaz, 10:12:32).
Etzegaratera arte Ander Iñarra orpoz orpo izan du, baina pixkanaka tartea handitzen joan da idiazabaldarra. Bi kirolarien arteko lehiak, iazko denbora 11 minutuz hobetzea eragin du.
Ander Iñarra lezoarra bigarren iritsi da Beasaingo helmugara (10:15:30), 13 eta 56 minutu beranduago.
Hirugarren Urko Arizeta asteasuarra izan da (10:19:39).
Ioseba Eskudero, ausart eta indartsu
Ioseba Eskudero idiazabaldarrak lasterketa ikusgarria egin du. Atzo gaueko 23:00etan Beasaingo plazatik abiatu bezain laster, Kale Nagusian, bakar-bakarrik, atzekoei tartea aterata igaro zen Txindokira bidean.
Ander Iñarra lezotarra gertuan izan du. “Lizarrustitik Etzegaratera bidean harrapatu nau. Psikologikoki golpea izaten da atzetik harrapatzen zaituztenean. Baina eustera joan naiz, Etzegaratetik lehenago atera naiz, indartsu, eta denbora atera joan naiz. San Adrianen 2 minutu, 3 Aizkorrin… Eman eta eman aritu naiz”. Ibilbide osoan zehar ondoan izan dituen familiartekoek eta lagunek eman dizkien denbora erreferentziak eta “Mutiloan sinetsi dut irabaziko nuela”.
Iñarrarekin izan duen lehia estuari esker, iazko denbora 11 minutuan hobetu du idiazabaldarrak.
Bereziena
Bigarren urtez jarraian irabazi du Eskuderok G2H ultra.”Orain dela hiru urteko hirugarren postua izugarria izan zen, iazko txapela ona izan zen, baina aurtengoa berezietan bereziena izan da”.
Erabat hunkituta, garaipena “etxean dauden guztiei” eskaini die. “Ez da erraza, lan handia eskatzen du. Etxekoak hor egoten dira beti… Janire, ama… aita ere hor egongo da… lagunei… Oso pribilegiatua sentitzen naiz”.
Lehenengo ospakizunak ere horiekin egin ditu, txanpain botila zabalduta.
Emakumezkoetan, Mayi Mujika
Emakumezkoetan ere lehia estua ari da izaten G2Han. Mutiloara Mayi Mujika iritsi da lehenengo. Maryam Berthaut frantziarra bigarren joan bada ere, Olatz Azazeta altsasuarra bigarren pasatu da Oazurtzatik.
Sailkapen guztiak zuzenean kontsulta daitezke.