Errekor berria ezarri du Ainhoa Intxausti segurarrak Marimurumendiko 8. edizioan
Intxaustik 4:18:28 denboran gurutzatu du Loinazko San Martin plazako helmuga, iaz Irati Zubizarretak ezarritako marka (4:23:08) bost minututan hobetuta. Lehendabiziko maratoia izan da gaurkoa segurarrarentzat. Estreinaldi ezin hobea izan du iraupen luzeko lasterketen estreinekoan, irabazteaz gain, marka berria ezarrita. Bigarren postuan helmugaratu da Henar Lazaro espainiarra eta hirugarrenean, Lorea Totorika bizkaitarra.
Ainhoa Intxausti segurarrarentzat lehendabiziko Marimurumendi izan da gaurkoa, baita iraupen luzeko lasterketa korritzen duen lehendabiziko aldia ere. Iazko irabazle Irati Zubizarreta beasaindarren faltan, lehia irekia aurreikusita zegoen emakumezkoen arten. Segurakoak ezustekoa eman du, lasterketa irabazteaz gain (4:18:28) bost minututan hobetu baitu iaz Zubizarretak ezarritako marka (4:23:08). Bigarrenari dezenteko tartea aterata gurutzatu du helmuga, Marimurumendiko irabazle Samuel Davila baino 39 minutu beranduago.
Lasterketan beroa pasa duela esan du Intxaustik lasterketa amaitu berritan. Bereziki gogorrak egin zaizkio azkeneko kilometroak, besteak beste, distantzia hauek korritzera ohituta ez dagoelako.
Bigarren postuan sailkatu da Henar Lazaro (Toledo, Espainia), 4:38:39 denborarekin eta hirugarrenean Lorea Totorika (Mallabia, Bizkaia) 4:51:07 denbora eginda.
Ikusi argazki galeria: