Lierniko erromerian jende ugari bildu da, eguraldia lagun
Meza, haur jolasak, hamaiketakoa eta bazkaria izan dituzte Lierniko erromeriako goizean eta arratsaldean jaiak ez du etenik izango. Familia-giroa eta lagunartea izan dira nagusi.
Lierniko erromeria iritsi da aurten ere eta egun osoko egitaraua antolatu dute ormaiztegiarrek, adin guztietarako. Ormaiztegitik goizeko 12etan abiatu dira autobusez, izan ere, Ormaiztegin erromeria honek duen garrantzia dela eta Udalak dohako autobus zerbitzua eskaini die herritarrei, bertara gerturatzea errazteko. Hala ere, asko eta asko oinez ere joan dira, eguraldi ona aprobetxatuz eta bueltatxo bat emanez.
11:30etan eman diote hasiera gaurko egitarauari, hamaiketako eder batekin. Ondoren, gozamenerako haurren txanda izan da, jolasak egin baitituzte eta jarraian, meza nagusia izan dute. Ermitatik atera eta Urmaiz taldearen kontzertua entzun dute eta bazkari herrikoirako dena prestatuta, herri-bazkaria egin dute. Lasai ederrean bazkaldu dute ormaiztegiarrek zein inguruko herrietatik bertaratutakoek. Marmitakoa izan dute bazkaltzeko helduek eta haurrek, berriz, makarroiak tomatearekin. Beste zenbaitek etxetik eraman dute janaria eta denetariko entsaladak, urdaiazpiko eta bestelakoak eraman dituzte. Familia giroa izan da nagusi gaurkoan Liernian. Horrez gain, Ehunmilak lasterketa asteburu honetan dela kontuan izanik, goiz osoan zehar izan dituzte bertatik pasatzen lasterketako korrikalariak eta Lierniko eta lasterketa honek eskualde osoan jartzen duen jai-giroa elkartu dira aurtengoan.
Arratsaldean jaiak ez du etenik
Bazkaldu eta apur bat atseden hartu ondoren, Ross Disko Dantza izango dute, arratsaldeko 16:00etan hasita eta 16.Toka txapelketa jokatuko da. Hala ere, joan den urtean estreinakoz haurren toka txapelketa ere egin zuten eta aurten ere bigarren edizioa izango dute txikiek tokan aritzen.