Samuel Davilak irabazi du Marimurumendi maratoia
Bigarren aldiz jantzi du Davilak Beasaingo maratoiko txapela. Aitor Zunzunegi legorretarra izan da lehendabiziko goierritarra; sailkapen orokorreko bigarren postuan, Davilaren atzetik segundo eskasera helmugaratuta. Hirugarren postuan sailkatu da Endika de las Heras beasaindarra. Azken kilometroetan bi goierritarren artean lehia gogorra bizi izan da. Davila ez du, 2019an berak ezarritako errekorra hausterik izan, ordu hartan baino minutu batzuk gehiago behar izan ditu gaur Beasaingo Loinazko San Martin plazan jarritako helmugako marra gururatzeko.
Samuel Davilak irabazi du Marimurumendi maratoia. Oso lasterketa erregularra egin du venezuelarrak, eta atzetik gertu jarraitu dioten arren, lehendabiziko postuan egin ditu ibilbidearen 42 kilometro pasatxoak. Bigarrenez jantzi du Davilak Marimurumendi maratoiko txapela; lehenengoa 2019an izan zen. Ordu hartan maratoiko errekorra ezarri zuen Davilak berak 3:29:18ko denboran. Gaur minutu batzuk gehiago behar izan ditu ibilbidea osatzeko, 3:39:09.
Bigarren postuan helmugaratu da Aitor Zunzunegi legorretarra, Davilarengandik 46 segundo eskasera. Agortako azken jaitsieratik aurrera erabaki da bigarren postu hau Aitor Zunzunegi legorretarra eta Endika de las Heras beasaindarraren arteko lehia estuan. Legorretakoak bigarren postuan egin du lasterketa ia osoa, azken kilometroetan atzetik zihoan de las Herasek harrapatu duen arte. Azkenean, hirugarren postuan helmugaratu da de las Heras beasaindarra 3:40:46ko denbora eginda.
Ikusi argazki galeria: