Ateak irekita eta zubiak etzanda
Itzuli dira AEBetara Ateak Ireki programan parte hartu duten 32 gazte euskal-amerikarrak. Ordizian agur bazkaria eta festa egin zuten larunbatean. Jarritako helburuak betetzat jo dituzte antolatzaileek: «Ikaragarri gustura gaude».
Bestela ezin, eta mahaiaren bueltako otordu batekin agurtu dute elkar Ateak Ireki programan parte hartu eta elkar ezagutu duten itsasoz bi aldeetako euskaldunek. Ordiziako Plaza Nagusian, larunbatean, agur festa egin zuten. Bazkaria, musika eta dantzak, hiru astean ondutako harremanari urrezko ginga jartzeko. Igande goizaldeko lauretan autobusa hartu, hegaldiak geroago, eta etxera itzuli dira euskal-amerikarrak.
Bigarren urtez, helburuak beteta eta egonaldiak emandakoarekin asebeteta geratu dira Batzen elkartea eta NABO erakundea, Ateak Irekiren antolatzaileak. Euskara, folklorea eta kultura; erakundeak eta enpresak; festak eta sagardotegiak. Euskal Herriaren lagin batzuk ikusita eta barneratuta itzuli dira. Ekainaren 22an 32 gazte iritsi ziren AEBetatik, 17 urtetik 26ra artekoak. Bik oso ondo zekiten euskaraz, besteek eskas edo batere ez. Maizpide euskaltegian izan dute hizkuntza gehiago ikasteko aukera, Lazkao izan baitute erdigune.
AEBetako euskal komunitateetako kideak dira Ateak Irekin egon direnak; Idaho, Nevada, Utah, California eta Washington estatuetakoak. Gehienek aitona-amonak dituzte euskal herritarrak, asko eta asko bizkaitarrak.
Lehen balorazioa
Iazko esperientzia aberasteko, bertako familiekin lotura estuagoa sortzea zuten aurten helburu bat. Lortu da, Batzen elkarteko Anjel Oiarbide idiazabaldarrak esan duenez. «Sarea josi da. Etxeetako 12-15 gazte inguru etorri dira ikastaroetara eta jardueretara, eta horrek ere programaren osasunaren berri ematen du».
Lehen balorazio baikorra egin dute. «Ikaragarri gustura gaude. Eltzea sutan jartzen denean probatzen da, eta zapore ona gera zedin alde guztietan, aldaketa batzuk egin ditugu. Bat, koordinatzaile bat jartzea. Ander Elordui gaztea, dinamizatzailea, oso egokia».
«Hango gazteekin hitz egin ondoren, zuzenketa batzuk egin beharrekoak zirela ikusi genuen»
Anjel Oiarbide. Batzen elkartea
Zubiak eskegitzea da beste helburu bat. «Hemengo familientzat garrantzitsua baldin bada Ateak Ireki programa, AEBetako euskal etxeentzat eta NABOrentzat ezinbestekoa da. Hango gazteekin hitz egin ondoren, zuzenketa batzuk behar zirela ikusi genuen, bi aldeen espektatibak ez zirelako berdinak. Guk uste baino zorrotzago heldu diete han. Iaz familia batzuen sentsazioa zen hotel bateko kideak zirela; aurten justu kontrakoa izan da».
Hausnarketa sakonagoaren zain, bide berria ireki du Ateak Irekik.