Euskarabentura iritsi da Zerainera
Atzo arratsaldean iritsi zen espedizioa Zerainera. Afaldu eta atseden hartzeko tartea hartu zuten 126 gazteek.
Euskal Herriko zazpi eskualdeetako gazteak barne hartzen dituen Euskarabentura espedizioa uztailaren 1ean abiatu zen Atharratzetik (Zuberoa). Hilaren amaierara arte, Euskal Herritik igarotzen diren Done Jakue bideko hiru adarrak osatzen ari dira. Egun hauetan Goierritik igaro dira bidaiariak eta atzo iluntzean urteroko geldialdia egin zuten Zerainen. Bidaiarien artean hiru goierritar ere badira aurten: Haitz Goia (Zegama, 2005), June Fernandez de Lezea (Zumarraga, 2005) eta Iraia Razkin (Lazkao, 2007).
Ekimen honek Euskal Herriko historian eta kulturan sakontzeko aukera ematen die gazteei, beti ere euskararen erabilera sustatuz. Espedizioak irauten duen bitartean, ibilbideko 27 herritan igaroko dituzte atseden egunak eta Zeraingo geldialdia derrigorrezko hitzordua bilakatu da azken urteetan, ibiltarientzat.
Tortillak eta oilaskoa
Astelehenean, espedizio-kideentzako —126 gazte dira guztira— afaria prestatzen aritu ziren 25 bat zeraindar goizetik. 29 arrautza dozenarekin 56 tortilla egin zituzten eta 400 oilasko hego erre zituzten parrilan. Entsalada, txorizo eta izozkiak osatu zuten astelehen iluntzeko menua.
Guztiek elkarrekin afaldu zuten herriko plazan eta ondoren, Aratz Igarzabal eta Iker Zubeldiak bertso saioa eskaini zuten.