Guraso bilera «zaharkituak» berrikusiz
Euskararen erabilerari eutsiz, jatorri ugaritako familien arteko elkarbizitza zaintzeko prozesua egiten ari da Zaldibiako Lardizabal eskola, HUHEZIko eta UEMAko adituekin. Ikasturte honetan, urrats bat egin dute aurrera elkarrekin: ikasturte hasierako guraso bilerak eraldatu dituzte. HUHEZIko Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza komunitateetan jardunaldien bigarren ekitaldian eman dute esperientziaren berri.
Zaldibia herri euskalduna da, euskararen arnasgune bat, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herria; baina, azken urteetan izandako immigrazio handiaren ondorioz, aldatzen ari da egoera soziolinguistikoa. Ez euskara eta ez gaztelania ez dakiten familiak etorri dira Zaldibiara, jatorria nagusiki Marokon, Errumanian edo Pakistanen dutenak, eta elkarbizitza zaildu egin da.
Hezkuntzara etorrita, familia berriak euskara ez jakiteagatik hezkuntza komunitateko bizitzatik kanpo geratzen hasiak zirela ohartu zen eskola, hala zuzendaritza nola Ausa Gaztelu guraso elkartea. 2020an, korapiloa askatzen hasteko bideari ekin zion hezkuntza komunitateak, asmo argi batekin: euskaraz bizitzen jarraitzea eta, aldi berean, elkarbizitza sustatzea. 2021-2022 ikasturtean abiatu zuen Zaldibiako Lardizabal eskolak euskararen eta kulturartekotasunaren proiektua, HUHEZI Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko adituen eta UEMAko teknikarien laguntzarekin, eta, ordudanik, plano teorikoan ez ezik, eguneroko bizitzan ere eragin duten urratsak egin ditu Lardizabal eskolak. Aurten, beste urrats praktiko bat egin dute elkarrekin: ikasturte hasierako guraso bileren forma aldatu dute, euskara erdigunean jarrita, familien elkarbizitza bultzatzeko.
Bi arrazoirengatik proposatu zioten HUHEZIko Karmele Perez eta Amelia Barquin irakasleek Lardizabal eskolako elkarbizitza sareko talde eragileari ikasturte hasierako guraso bilerak eraldatzea: batetik, hizkuntza irizpideengatik eta bestetik, parte hartzea sustatzeko. “Badakigu ikasturte hasierako guraso bilera garrantzitsua dela: guraso gehienak elkartzen dira bilera horietan, eta une horretan hasten da harremana tutorearekin. Baina, batzuetan, irakasleok ez gara oso pozik gelditzen formarekin. Zergatik berrikusi behar dira gurasoekin egiten diren lehenengo bilera horiek? Batetik, hizkuntza irizpideak berrikusi behar direlako eta, bestetik, bileraren egitura bera berrikusi behar delako; bilera horren forma ez da aldatu azken hamar-hogei urteotan zehar”, azaldu zuen HUHEZIko Amelia Barquin irakasle eta ikertzaileak. “Zaldibiako esperientziak erakutsi digu udalerri euskaldunetan behintzat posible dela guraso guztiok bat eginda ikasgela berean eta espazioa eta denbora partekatuz elkar ulertzea eta informazioa eskuratzea”.
Irakurri erreportaje osoa Hik Hasi aldizkariaren webgunean.