Legazpiko 2023-2027 Kudeaketa plana aurkeztu dute
Legazpiko Udalak 2023-2027ko Kudeaketa planaren funtsezko hamar helburuak azaldu zituen atzo. Antolaketa, lurraldea eta herritarrak ardatz hartu ditu.
Legazpiko Udalak 2023-2027 Kudeaketa plana aurkeztu du. Plan horrek herritarren bizi-kalitatea hobetzeko legealdian jarraitu beharreko ildoak eta ekintzak zehazten ditu. Planaren xedea pertsonak erabaki eta jarduera guztien erdigunean jartzea da, haien «ongizatea eta garapen integrala bilatuz».
Kudeaketa plana egiteko, koordinazio-talde batek parte hartu du. Legazpik izan nahi duen etorkizuna deskribatzen du, udal-erakunde osoa gidatuz eta bultzatuz helburuak lortzera. Berdintasuna, herritarren parte-hartzea, inklusioa, berrikuntza eta jasangarritasuna sustatuko dituen leku bihurtu nahi da, euskararen erabileran indar handia eginez. Eraginkortasuna ezarritako helburuak modu arrakastatsuan lortzeko gaitasunari dagokio, eskura dauden baliabideak erabiliz, komunitatearentzat onuragarriak diren emaitzak lortzeko.
Kudeaketa plana hautatutako eta lehenetsitako ekintza-multzo gisa ulertzen da, ikuspegia lortzeko eta helburuak ezarritako balioen arabera betetzeko. «Legazpiko Udalak herritarrei balioa emango dien administrazioa izan behar du, kalitatezko zerbitzu publikoak eskainiz eta jarduera ekonomikoa, dinamismo kulturala, iraunkortasuna eta gizarteratzea sustatuko duten proiektuetan aktiboki parte hartuz». Onartzen den hirugarren plana da.
Planaren egitura hiru multzo handitan antolatuta dago: Antolaketa, Lurraldea eta Herritarrak. Bloke horiek hamar helburu estrategikori erantzuten diete.
Antolaketa arloan, lehenengo helburua Udalaren antolakuntza egitura optimizatzea eta balioan jartzea da. Gaur egungo egituraren eraginkortasuna hobetzeko asmoa dute, talde-lana eta zerbitzuen kalitatea sustatuz. Bigarren helburua erakundearen giza kapitala garatzea, gaitzea eta balioztatzea, etengabeko prestakuntza-planen bidez eta lanpostuen balorazioa eta deskribapena eguneratuz da. Hirugarren helburua da transformazio elektronikoa sendotzea eta herritarrekiko harremanak behar bezala kudeatzea, administrazioak zein herritarrek digitalki elkarri eragiteko behar dituzten baliabideak eta ezagutzak dituztela ziurtatuz. Eta arlo honetako azken helburutzat gobernantza ona eta etika publikoa sustatzea jarri dute, udal kudeaketan gardentasuna, herritarren parte hartzea eta osotasuna indartuz.
Lurraldearen arloan, etorkizuneko Legazpiren oinarriak finkatzea eta garatzea da lehen helburua, mugikortasun jasangarria, irisgarritasuna eta trantsizio energetikoa sustatuko duten planekin. Seigarren helburua udalerriko ondare natural eta kulturala mantentzea eta hobetzea da, tokiko nortasuna balioztatu eta turismoa sustatuko duten birgaitze eta kontserbazio proiektuekin. Espazio publikoa eta udal instalazioak mantentzea eta hobetzea da zazpigarren helburua, herritarrek ingurune garbi, irisgarri eta zainduaz goza dezaten ziurtatuz. Eta azkenik herritarrei gertutasunean oinarritutako segurtasuna ematea, puntu beltzetan esku hartzeko planen bidez eta udaltzaingoaren eta herritarren arteko harremana hobetuz.
Herritartasunaren arloan, bi helburu aipatu dituzte. Lehenik Legazpiko herritarren segurtasuna, babesa eta zaintza bermatzea, udal zerbitzuak pertsonen benetako beharretara egokituz eta etorkizuneko eskaerei aurrea hartuz proiektu sozial berritzaileen bidez, «azken urteetan galdutako konfiantza errekuperatzeko». Eta azken helburua Legazpi euskalduna, bizia, aktiboa eta parte-hartzailea sustatzea da. Euskararen erabilera sustatu nahi da udal-bizitzaren esparru guztietan, eta hezkuntza, kirola eta kultura sustatu nahi dira gizartea eraldatzeko motor gisa.
Plan hori ez da ekintza zehatzak planifikatzera eta gauzatzera mugatzen, baizik eta ekintza horien aurrerapenaren hileroko jarraipena eta gardentasunarekiko konpromiso irmoa ere jasotzen ditu. Legegintzaldia amaitzean, Kudeaketa Memoria bat aurkeztuko da, ezarritako helburuen betetze-maila zehaztuko duena.