Segurarrak kosta aldera
Larunbatean egingo dute ‘Kosta ala kosta, buelta a la kosta’ 125 kilometroko bizikleta irteera. Dagoeneko 30 pertsonek eman dute asteburuko ekimenean parte hartzeko izena.
Azken urteetan ohitura bihurtu da Segurako txirrinduzaleen artean kostara bizikleta irteera bat egitearena. Kosta ala kosta, buelta a la kosta ekimenak, ordea, hamarkada bat baino gehiagoko antzinatasuna du. Xabi Etxeberria antolakuntza lanetan dabilen segurarrak argitu duenez, «orain dela 30 edo 40 urte inguru egiten zuten jada irteera hau Seguran». Aurtengo irteera larunbat honetan izango da.
Antolatzeari utzi zitzaion eta urte mordoxka bat egin gabe egon zen gero, harik eta orain hamar bat urte herriko txirrinduzale batzuen ekimenez berriz antolatzen hasi ziren arte, «gu haurrak ginen desagertu zenean, eta polita iruditu zitzaigun herriko ohitura hori berreskuratzea», dio.
Lau etapa
Etxeberriak dioenez, Seguran «jende asko» ibiltzen da bizikletan, talde ezberdinetan banatuta. Garai bateko ohitura berreskuratzeaz gain, polita iruditu zitzaien guztiok elkarrekin irteera bat egitea eta hala itzuli zen Kosta ala kosta ekimena herrira. Momentuz, 30 txirrindularik eman dute larunbateko irteerarako izena. Gutxi gora behera, 40 bat lagun elkartzen dira urtero, gehienak segurarrak, «bertakoak eta baita, kanpoan bizi diren herritarrak ere». Bihar da izena emateko azken eguna.
Guztira, 125 kilometroko ibilbidea da. Larunbatean, 8:00etan dute hitzordua, eta festa garrantzitsu guztien pare, suziri batekin emango diote hasiera. Lau etapatan burutuko dute ibilbidea, hiru geldialdirekin. Seguratik Beasainera, Eitzagatik barrena Zumarragara eta handik Aizpurutxotik Azpeitira joango dira aurrena. Kiruri jatetxe parean egingo dute lehenengo geldialdia, goizean goiz Segurako elkarte batean prestatutako jakiekin —seina txorizo eta urdaiazpiko tortilla, pastak eta edatekoak— gosari legea egiteko.
Zestoa-Zumaia-Getari bigarren etapa gaindituta, bigarren geldialdia. Handik Zarautzera eta Orioko gaina igota Aiatik Asteasura joango dira hirugarren etapan. Ez da lasterketa bat eta txirrindulari bakoitzak jarri ohi du bere erritmoa, baina Orioko gainean «saltsa pixka bat» egoten dela aitortu du Etxeberriak.
Asteasutik Segurara itzuliko dira amaitzeko. Mutiloako biribilgunean denak elkartu eta bigarren suziri batekin iragarriko dute itzulera. Imaz jatetxean egingo dute bazkaria, egunari amaiera emateko.