Aztirian lau egunean luzatuko dira Santa Marina jaiak, bihar hasita
Ostiraletik aurrera izango da egitarauaren mardulena. Jolasak, kultur saioak eta gastronomia ekintzak izango dira.
Aztirian bihar hasiko dira Santa Marina jaiak. Meza 11:00etan da, eta hamaiketakoa egingo dute elkartean ondoren, auzoko musikariek alaituta. Hasiera besterik ez da izango, ostiraletik igandera ospatuko baita egitarauaren mardulena.
Ostiral iluntzean, auzotarren arteko bola eta toka lehiaketak (19:00) jokatu ondoren, afaria Aztiri erretegian egingo dute. Koldo eta Unai Etxebarria aita-seme trikitilari bizkaitarrek girotuko dute lehen gaua.
Larunbatean ere auzotarren arteko ekitaldiak izango dira nagusi. Aizalekura mendi buelta (11:00) eta poteoa (13:00) dituzte goizean, eta haurren aurpegi margotzea (18:00), Aztiriko 27. Patata-Tortilla lehiaketa eta sagardo dastaketa (18:00), eta Antsorregi eta Andonegi trikitilarien saioa arratsalde-iluntze partean.
Gauean, 21:00etan, bertso-afaria Aztiri Bat elkartean da. Kantuan Aratz Igartzabal, Ane Beloki eta Eneko Araiztegi ariko dira. Trikitilariekin jarraituko du erromeriak, goizaldera arte.
Mendi lasterketa
Igandeko jardunaldiari Gabiriako txistularien baserriz baserriko biribilketak emango dio hasiera, 09:00etan. Aztiriko 28. Mendi Lasterketa 10:30ean abiatuko da. 11 kilometro luze ditu, 600 metroko desnibel positibo metatuarekin. Plazatik Aizaleku tontorrera (810m) joan-etorria egin, eta jarraian Otañu (835m) eta Aizpuru (790m) gainetaraino osatuko dute itzulia. Aurreneko hiruna gizon-emakumeek eta lehen herritarrek (gabiriarra zein legazpiarra) jasoko dituzte sariak.
Auzotar helduenari omenaldia (12:30), Goruntz taldearen saioa (13:00) eta Elusonto anai-arreben musika ere izango dira.
Arratsaldean, Aztiria eta Gabiria arteko herri kirol desafioak erakarriko du arreta (18:00). Zortziko taldeak osatu dituzte, hainbat probatan aritzeko. Aizkoran Unai Etxeberria Osinalde ezkiotarrak eta Josu Ibarguren Lakiola legazpiarrak lagunduko diete.
Bola lehiaketa 18:30ean hasiko da (izena 18:00-19:00), diru sari ondrosoak (60, 50, 40 eta 30 eurokoak) eta irabazle orokorraren txapela jokoan direla.