Haize boladetan datzala txorien halabeharra...
Mattin Iñiguez zegamarrak Pirinioetan inoiz egin den hegaldirik luzeena egin zuen maiatzaren 2an: Nafarroako Larraitza mendian aireratu eta Kataluniako Organya herrian lurreratu, 300 kilometro guztira. Ekaitzak saihesteko, «estu samar» ibili zen zenbaitetan.
Aizkorriko mendilerroaren altzoan jaioa da Mattin Iñiguez Ormazabal (Zegama, Gipuzkoa, 1985). Herriraino bertaraino iristen dira Aizkorriren zainak, mendilerroaren korridoreak eta basoak, eta Iñiguezi ere halaxe sortu eta sartu zitzaion mendizaletasuna: zain horietatik. Txikitatik ohitu zen Zegamatik Aizkorriri behetik begiratzen, eta, zenbaitetan, Aizkorri, Aketegi, Aitxuri edo Arbelaitz tontorretik Zegamari begiratzen. Behetik eta goitik.
Mutil kozkor hark, ordea, aldian behin ikusten zituen paisaiari goragotik begiratzen zioten beste piztia batzuk, parapente hegalariak alegia, Murgizelain lur hartzen, eta iltzatuta geratu zitzaion irudia. Horregatik, aukera izan orduko, ikastaro bat egin zuen Urduñan, eta, geroztik, bere bizitza «parapenteari lotuta» geratu zen. Izan ere, parapenteak, hegan egiteak, «mendiarekiko edo naturarekiko oso lotura estua» eman dio.
Parapentearekin hasi eta berehala konturatu zen hego haiek ez zirela tontorrera igo eta herrira jaisteko soilik; parapentearekin luze egin zitekeela hegan. «Lehen hegaldi haietako batean gogoratzen naiz Panticosako eski estaziotik Boltaña ingurura iristea lortu genuela, eta horrek txipa aldatu zidan: honekin bidaiatu egin liteke. Ordudanik, mendiko hegaldiak egitea gustatu izan zait, eta ahalik eta distantzia luzeenak osatzea», jakinarazi du Iñiguezek.
Hasi bazen hasi, ezin konta ahala hegaldi egin ditu, eta arrano begiz ezagutu ditu Euskal Herriko eta Pirinioetako mendiak, bateko eta besteko ibarrak, zintzurrak eta herriak. Urrunagoko mendi handiak ere bai, Alpeak eta Himalaia. 2022an eta 2023an, esaterako, Karakorumen izan zen, duela bi urte Jose Ramon Agirre Marron (Ataun, Gipuzkoa, 1959), mendizale handia eta mendiko parapentean aitzindaria lagun zuela, eta iaz, berriz, Alex Blazquez Billy eta Felipe Tudela lagunekin. Bi bidaietan, munduan diren mendirik ederrenen gainetik egin zuten hegan. «Iaz, Baltoro glaziarraren hasieran aireratu eta egun batetan G-lVraino joan-etorria egin genuen eta beste batean Broad Peakeraino».
Erreportaje osoa Berria.eus webgunean.