Uda sasoirako eskaintza prest dute jada, Igartubeitin
Familiei, taldeei eta norbanakoei eskainitako jarduerak dira. Iazko bisitari kopurua «mantentzea» da aurtengo helburua.
Igartubeitin zabaldua dute dagoeneko uda sasoi honetarako eskaintza. Familiei, taldeei eta norbanakoei zuzendutako jarduerak dira, orokorrean. Asteburu honetan, Pintxo eta Txotx! (larunbatean) eta Legazpiko Lenbur Fundazioarekin batera eskaintzen duten Bizimoduak (igandean) jarduerak dituzte bisitariek aukeran. Oraindik ere lekuak badaude; igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatzita edo 943 72 29 78 telefonora deituta egin daiteke erreserba. Eskaintza osoa Igartubeitiren web gunean dago ikusgai.
Iaz turista kopuruak nabarmen egin zuen gora udan, pandemia aurreko zenbakiak hobetzeraino. Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiko koordinatzailea baikor ageri da aurtengo aurreikuspenez hitz egiterakoan. Joerak bera izaten jarraituko duela uste du, eta iazko zenbakiak hobetzea baino, «gutxienez mantentzea» dute helburua.
«Lasaitasun» bila
Igartubeitira turismo operadoreen bitartez iristen diren bisitari gehienak atzerritarrak dira. «Bi operadorerekin egiten dugu lan; horietako bat Sagardogileen Elkarteko turismo eskaintza kudeatzen duen Sagardoa Route da. Astero bidaltzen digute taldetxo bat eta aurten, AEBetako bisitari asko espero dituztela esan digute. Iaz Norvegiatik etorri ziren batez ere», argitu du Ugarteburuk.
Baina bere kasa joaten direnak ere badira, noski. Uztailean udalekuetako haur taldeen bisitak ugariak izaten dira, adibidez. «Gaur Zornotzako 50 laguneko talde bat izan genuen eta bihar Legorretako beste 69 haur etorriko dira», dio. Abuztua da hilabeterik zailena eta jendea erakartzea gehien kostatzen dena. Irailean berriz hasten dira bisitak ugaritzen, «urriko Sagardo Astea bitartean, trantsiziozko hilabetea izaten da iraila gurean», esan du Ugarteburuk.
Nazioarteko turista kopuruak gora egin duen arren,bertako eta Espainiako bisitariak dira nagusi Igartubeitin. Espainiakoen artean, «katalanak, valentziarrak eta madrildarrak», dira hurrenez hurren, ugarienak. Ugartebururen iritziz «barnealdea gustukoago» duten eta «lasaitasuna» bilatzen duten turistak dira. «Donostiara egun pasa egitera joaten dira, baina ez dira kostaldeko esperientzien bila datozenak. Orokorrean, egonaldi laburrak egiten dituzte eta lurraldean zehar mugitzen dira», dio.
Gastronomia oinarrian
Pintxo eta Txotx! jardueran Mundua lau zaporetan margotuta erakusketaren bidez euskal gastronomian murgiltzeko aukera eskaintzen zaie bisitariei. Bizimoduak izenekoak, aldiz «Igartubeitin industrializazio aurreko baserriko bizimodua nolakoa zen ikusteko aukera eskaintzen du eta Legazpin, industrializazio garaiko aiton-amonen eskola eta etxebizitza bisitatzekoa».
Gainera, asteazken batzuetan, 10:30ean hasita, Egin ezazu zure sagar zukua ekimena ere eskaintzen dute, «baserriko dolarea ezagutu eta bertan ikusten duten prentsa modernoagoak erabilita praktikan jartzekoa aukera eskaintzen da». Hurrengoa uztailaren 31n egingo dute.