Doinu berria izango du Beasaingo Udal Musika Eskolak
Beasaingo Udal Musika Eskolaren zuzendaritzan lekuko aldaketa izango da. Arantxa Gastesik erretiroa hartuko du eta Garazi Zabaletak beteko du haren hutsunea. Irailetik aurrera hasiko da.
Aldaketa garaia da Beasaingo Loinatz Udal Musika Eskolan. Arantxa Gastesi eskolaren zuzendariak erretiroa hartuko du, eta Garazi Zabaletak hartuko du lekukoa, irailetik aurrera. Orain arteko ibilbideaz eta egungo erronkez hitz egiteko baliatu dute aitzakia.
Udal Musika Eskolaren lehen oinarria, Isidoro Alonsok jarri zuen. Beasaingo Udal Musika Bandaren zuzendaria zen, eta erretiratu zenean, Academia de musica deitzen zutena utzi zuen. Hasiera batean, Udal Musika Bandan jotzen zutenentzako formakuntza ematen zen bertan, bereziki, haizezko instrumentuentzat, gehiengoa zirelako. Ane Erguin Aranburuk hartu zuen Alonsok utzitako lekua. Hark bideratu zuen Udal Musika Eskola. Erguin, hasi zenean, piano irakaslea zen. Lekuko aldaketarekin batera hasi ziren lengoaia musikala ematen.
1978 urtean hasi zen bertan lanean Arantxa Gastesi. Zainetan zekarren musika, umetatik musikaz inguratuta hazi zelako. «Nire etxean musika beti izan zen medio. Nire anaiek denek ikasi zuten instrumenturen bat jotzen: pianoa, saxofoia, txistua, tronpeta, gitarra… Aitak ere bazekien musika. Eduardo Mokoroarekin Tolosan (Gipuzkoa) izan zen ikasten, eta gero, ingeniaritza ikasi zuen, baina beti mantendu zuen musikazaletasuna; sortu zuen abesbatza, ni ere joaten nintzen kantatzera… Guri ere pasa zigun zaletasuna, eta txikitatik, musika izan genuen beti inguruan», gogoratu ditu umetako garaiak.
Udal Musika Eskolaren sorreran hasi zen Arantxa Gastesi Udal Musika Eskolan lanean, oso gazte. «18 urte besterik ez nituen». Lehenengo urtea «ez zen erraza izan» irakasle hasi berriarentzat: «formakuntza banuen, baina esperientziarik ez. 33 pertsonek osatutako talde guztiz anitza nuen, zazpi urtekoetatik hasita 30 urte artekoak zeuden», gogoratu du.
Beharrak bultzatuta, Udal Musika Eskolaren egitura aldatzen joan ziren. «Hasi ginen antolatzen adin tarteka, eta egungo egitura osatzen, pixkana». Urrats garrantzitsuak eman zituzten. Ofizialtasunaren atzetik, Kontserbatorio izaera ere lortu zuten. Ertain mailako kontserbatorio izatera iritsi zen Loinatz Udal Musika Eskola, 1989 urtean. «Musikari profesional ugari atera ziren bertatik», nabarmendu du Gastesik.
1990 urtean, baina, Espainiako Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren Lege Organikoa indarrean sartzearekin batera, erabat aldatu zen hezkuntza sistema guztia. Lege horretan oinarrituta, Kontserbatorioak, Musika Eskola bihurtu ziren. Hau da, hezkuntza ez arautura pasa ziren, eta Musika Gradua sortu zen.
Momentu horretatik aurrera, «demokratizatu» egin zen musika. «Herritar guztiengana iristea bihurtu zen helburua, baina musika talentuak detektatzen ahalegintzen gara. Formakuntza, afizio bihurtzen, eta hortik aurrera, ikusten bada ahalmena eta nahia dagoela, bideratzen ditugu goi mailara».
Dena hasi zen tokira
Mundua eraldatzen doan bezala eraldatzen doa Beasaingo Udal Musika Eskola ere. Zuzendaritzaren buruan aldaketa sakon bat izango da. «Oso pozik» dago Gastesi, «esku onetan geratzen da eskola», dio Zabaletari begira. Konplizitate polita dute. Azken urtean eskuz esku aritu dira lanean. «Momentu hau iristen den arte ez zara konturatzen zenbat gauza utzi behar diren lotuta», aitortu du Gastesik.
Musika eskola antolatzaile den azken ekitaldietako aurkezpenetan agerian utzi zuten errelebo aldaketa bazetorrela, baina duela aste batzuk egin zuten publiko kargu aldaketa.
Musika eskola umetatik ezagutzen du zuzendari berriak. Gastesiren ikasle izan zen, hain zuzen ere, eta musika eskolan zegoen aukera guztia egin zuen. Musika Eskolaren 25. urteurrenean, musika kalera ateratzeko nahi horretan, hasi ziren eskolako hainbat ikasle talde bat osatzen. Hortik atera zen Sugan taldea. Abestien sortzailea zen eta teklatua jotzen zuen. Taldearekin urteetako bidea zuen eta arrakasta ere ezagutu zuen, baina ingeniaritza ikasketak egin zituen. «Hori gertatzen zen askotan».
28 urterekin, eta «krisi sakon» baten ondoren, kontserbatorioan sartzea erabaki zuen. «Konposizioa ikasi nahi nuen, musika eskola utzi eta hamar urtera». Nafarroako Kontserbatorioan ikasi zuen. 2019an bukatu zuen. Bitartean, pedagogia ikasi zuen, Hezkuntza aholkularitza batean izan da lanean urteotan, formakuntza plangintzak diseinatzen eta irakasten, Euskal Herriko irakasleentzat. «Hezkuntza beti interesatu zait, baina musika dut pasio» aitortu du. Ganbara musikako talde bat sortu zuen, Euskadiko orkestrako hainbat kiderekin. Konposatzen ere jarraitu du.
Iazko ikasturtean gai osagarriak ematen hasi zen musika eskolan, eta laster, zuzendaritza kargua hartuko du. «Ilusioz» beterik dagoela aitortu du. «Erronka handi bat da, musika formakuntza egungo beharretara egokitzen jarraituko dugu eskaintza erakargarri bat izateko, musikaren onuretan egingo dugu indarra, herritar guztiei musika gerturatzen jarraituko dugu…» aurreratu du zuzendari berriak aro berria irudikatuz.