Alazne Estensoro lazkaotarra Realaren lehen taldera igo da
Atezain lazkaotarrak talde profesionalarekin jokatuko du 2024-2025 denboraldian.
Alazne Estensoro Mazizior futbolari lazkaotarrak Realaren lehen taldearekin jokatuko du 2024-2025 denboraldian. Gaur aurkeztu dute atezaina lehen taldeko kide gisa Anoeta estadioko zelaian, Garbiñe Etxeberria kirol zuzendaria ondoan zuela. Donostiako taldeak haren aldeko apustua “oraingo eta etorkizuneko proiektu gisa” egin du.
Atezaina da, eta lesio larri batetik errekuperatzen ari da. Estensoro 2021eko udan iritsi zen Realaren hirugarren taldera, 15 urterekin, Goierri Gorriko kadete taldetik. Goierriko taldean hiru urte osatu zituen, infantiletan hasita. Lehen denboraldi hartan bertan hasi zen Reala B-rekin ere jokatzen. Realaren bigarren taldearekin mailaz igotzea lortu du, eta Europako 17 urtez azpiko txapeldun izan zen. Ekainean bete ditu 18 urte.
“Oso gustura eta oso pozik nago etapa berri honi hasiera emateagatik. Aldi berean, oso eskertuta nago Realarekin, nirekin jarri duen konfiantzagatik eta aukera hau emateagatik”. Txikitatik da realzalea. “Amets bat” egia bihurtu duela aitortu du; “orain dela urte batzuk pauso hau ematea zaila edo urruti ikusten nuen”. Bigarren taldearekin mailaz igo berri da, eta pertsonalki ere hobekuntzan lagundu diola esan du. “Orain, gainera, lehenengo taldera igotzeak laguntzen segituko dit, nire garapen pertsonalean eta taldekideekin”.
Realaren lehen taldeko jokalari izatea “oso-oso espeziala” dela dio. “Txikitatik sinistu dut momentu hau ea noiz ailegatuko litzatekeen. Orain dauzkadan sentimenduak dira, alde batetik, gogoa eta ilusioa etapa berri hau hasteko. Bestetik, taldekideak ezagutzeko ere gogoarekin eta zelaira itzultzeko asmoarekin nago”.