Legazpiko Udalak Gobernantzako Bikaintasunaren ELoGE Zigilua jaso du
Donostia, Azkoitia, Irun eta Ermuarekin batera, Legazpik Europako ziurtagiririk altuena eskuratu du berriro.
Legazpik Gobernantzako Bikaintasunaren ELoGE Zigilua jaso du berriro, arlo horretako Europako ziurtagiri altuena. Donostian egindako zeremonia batean eman zioten aitortza hori, eta Eric Galvez alkateak jaso zuen saria, Donostia, Azkoitia, Irun eta Ermuko ordezkariekin batera.
“Beti da harro egoteko modukoa errekonozimenduak jasotzea, baina zigilu honek eskatzen duen aitorpena, gobernu ona eta Europa mailako bikaintasuna saritzen dituena denean, are gehiago” adierazi du Eric Galvezek. “Egunero, goizero udaletxera joaten naizenean, pentsatzen joaten naiz zer egin dezakegun herritarrei zerbitzu hobea emateko eta, aldi berean, gure bizilagunen bizimodua hobetzeko; eta horregatik aurkeztu gara Eloge zigilua lortzeko prozesura. Ez bakarrik egiten duguna ebaluatzeko, baita zertan hobetu genezakeen jakiteko ere. Eta ebaluazio oso zorrotza izan da”.
ELoGE Zigilua Europako Kontseiluak ematen du eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak koordinatzen du. 72 adierazleren autoebaluazio zorrotzean oinarritzen da, gobernu onaren 12 printzipiori buruz, parte-hartze demokratikoa, giza eskubideak, gardentasuna eta iraunkortasuna barne. Aurten, Erandiok, Errenteriak eta Laudiok ere parte hartu zuten prozesuan, eta autoebaluazioa osatu zuten, udal kudeaketa hobetzeko.
Donostiako EKINN zentroan egindako ekitaldian, Esther Apraiz EUDELeko presidentea eta Daniel Popescu Europako Kontseiluko ordezkaria izan ziren. Galvezek, gardentasunaren, eraginkortasunaren eta herritarren parte-hartzearen etengabeko ikuspegia nabarmendu zuen.
EUDELek 2017an zigilua emateko akreditazioa lortu zuenetik, EAEko 23 udalek parte hartu dute prozesuan, eta horietako 14k aitorpena lortu dute. Europa osoan, 21 herrialdetako 300 udalerri inguru saritu dituzte, eta 41ek behin baino gehiagotan jaso dute. “Inork ez dezala uste aitorpen hau lortzeagatik erlaxatu egingo garenik… egiten jarraituko dugu, eraikitzen jarraituko dugu, entzuten eta proposatzen jarraituko dugu, beti gure onena emanez, gure herriaren alde” adierazi zuen Galvezek.
ELoGE sariak, gobernu onaren 12 printzipioak grabatuta dituen kristalezko dodekaedroak, udal kudeaketaren bikaintasunarekiko eta etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa irudikatzen du.