Pello eta Maddi Agirrek irabazi dute Atseden elkarteko logo lehiaketa
Guztira zortzi lan aurkeztu dira lehiaketara sei pertsona edo bikotek aurkeztuta. Atzo arratsaldean egin zuten sari banaketa ekitaldia.
Pello eta Maddi Agirre aita-alabek irabazi dute Segurako Atseden jubilatu elkarteko logo lehiaketa. Atzo arratsaldean egin zuten sari banaketa ekitaldia. Irabazleek 200 euroko saria jaso zuten eta gainontzeko parte hartzaileentzat herriko dendetan gastatzeko 20 euroko bonuak banatu zituzten.
Apirilean deitu zuen jubilatu elkarteak lehiaketa. Aurretik elkarteak logorik ez zuela eta edozein dokumentu aurkezterako orduan «egokiagoa» litzatekeela pentsatuta antolatu zuten txapelketa.
Elkartearen izaera
Guztira zortzi lan aurkeztu dira lehiaketara (sei pertsonak edo bikotek eginda). Epaimahaiak «erabateko adostasunez» hartu du erabakia. Logoak elkartearen izaera irudikatu behar zuen. Zuhaitz baten gerizpean jarri dituzte Atseden izenaren letrak Agirre aita-alabek, eta hori izan da gustukoena.
Gainontzeko parte hartzaileak ondorengoak dira: Ane Irizar, Irene Svensson, Izaskun Oiarbide, Isabel Iparragirre eta Uxue Etxeberria bikotea eta Udana Casado. Atsedeneko juntakideek aitortu dute ez direla adituak kontu hauetan, horregatik, gaiari buruz dakien jendeari laguntza eskatu zioten lanen balorazioa egiterako orduan. Hala ondorengoek osatu dute epaimahaia: Graficas San Martineko Bittor Gonzalez, Joxe Mari Telleria Zerainen bizi den margolari segurarra, Izarra Telleria alkatea eta Celes Goitia liburutegiko arduraduna.