Aztiriko mendi lasterketaren XVIII.edizioa jokatu da gaur auzoko festetan
Aztiriko mendi lasterketaren XVIII.edizioa jokatu da gaurkoan Gabiriako Aztiria auzoan. Pello Olaberria izan da aurtengo azkarrena gizonezkoetan. Emakumezkoetan, berriz, Lara Estebanez.
Gabiriako Aztiria auzoan jaiak ospatu dituzte. Ostegunean eman zieten hasiera jaiei meza nagusiarekin eta herriko musikariek girotutako hamaiketakoarekin eta gaur arratsaldean emango die amaiera herri-kirolekin eta bola lehiaketarekin, trikitilarien laguntzaz. Hala ere, ekitaldiak ekitaldi, jaietan jende ugari gerturatzen da igande goizean, Aztiriko mendi lasterketa dela eta. Aurtengoa ez da salbuespena izan eta jendetza bildu du auzoan lasterketa ikusten zein bertan parte hartzen zutenekin.
Goizeko 10:30etan eman diote hasiera lasterketari eta 100 korrikalaritik gora batu dira bertan. Aztiriatik irten, Aizelekura joan, Aztiriara itzuli, Otaño eta Aizpuru pasa eta berriro itzuli. Horixe izan da gaurko erronka. Korrikalari guztietan azkarrena Pello Olaberria mutiloarra izan da. Hainbat gabiriar eta legazpiar izan dira bertan eta hauetan lehena ere saritua izan da aurtengoan ere.
Sailkapena
Gizonezkoak:
- Pello Olaberria
- Xabier Ibargutxi
- Imanol Inza
Emakumezkoak:
- Lara Estebanez
- Ines Moreno
- Irati Garro
Jai-giroa izan da nagusi
Lasterketaz gain sekulako jai-giroan izan dira goiz osoan zehar Aztirian, izan ere, tonbola, taberna, musika eta jendea besterik ez dute behar izan auzokoek zein kanpotik joandakoek jaia pizteko.