Haurren asteburuari agurra danbor-hotsez
Santa Ana jaietako haurren asteburuari danborradarekin eman diote agurra. Ordiziako Martxa jo dute bandak eta danborradako haurrek eta plaza txaloz bete dute, amaiera biribila emanez.
Santa Ana jaietako lehenengo asteburua haurrei bideratua izan da ohi bezala eta ekintza desberdin ugari izan dituzte asteburu honetan zehar etxeko txikiek, haien neurrira. Atzo goizean blusaz jantzi zen ordizia eta arratsalde-gau aldera, berriz, mozorroz, haurren dibertsiorako. Gaurkoan haurren asteburuari ezin hobeto eman diete amaiera. Danbor-hotsa zabaldu dute kaleetan, desfile koloretsu bezain alaian. Batzuk danborra joz; beste batzuk barrila; beste batzuk, aldiz, sendagilez zihoazen eta soldaduak ere baziren. Hauen guztien amaieran karroza gainean igaro dira asteburu osoan zehar herriko agintari izan diren alkate txikiak ere. Asteburuari agur borobila emateko Ordiziako Martxa jo dute bandaren laguntzarekin eta txalo eta oihuz bete dute plaza nagusia.