Faxismoaren biktimak oroituko dituzte larunbatean Beasainen
Aurten, 88 urte beteko dira 1936ko Altxamendu militarraren ondorioz Beasainen 35 herritar hil zituztenetik. Larunbatean izango da ekitaldia, fusilatuen monumentuan, 19:00etan.
Larunbatean, uztailaren 27an, 88 urte beteko dira 1936ko Altxamendu militarraren ondorioz, Beasainen 35 herritar hil zituztenetik. Honela, Beasaingo fusilatuen eta eraildakoen aldeko herri-ekimenekoek oroitzapen ekitaldia antolatu dute larunbaterako, fusilatuen monumentuan bertan, 19:00etan. Euria egingo balu, Igartzako jauregian egingo da ekitaldi nagusia eta monumentuan lore-eskaintza. Ekitaldiaren antolatzaileek gonbita luzatu diete herritar guztiei, eta bereziki, biktimen senitarteko guztiei.
Duela 88 urte hildako 35 herritarrez gain, Beasaingo beste hamasei pertsona ere hil zituzten 1942ra bitartean, «eta asko izan ziren kartzelan egonak, eta abar». Honela, 2013az geroztik, uztailaren 27an, urtero (2020a salbu birusagatik) egin izan da oroitzapen-ekitaldi bat haiek guztiak gogoratzeko.
Igartzako ezpata-dantzarekin hasiko da ekitaldia. Olerkiak, bertsoak eta zuzeneko musika izango dira ere. Urte haietan jazotakoaren historia laburra kontatu, eta fusilatuen, eraildakoen eta gerraren zeharkako eraginez hildakoen izen-deituren irakurketa egingo dute jarraian. Azkenik, lore eta kandela eskaintza egingo dute.