Brinkolak 1974ko jaialdia biziberrituko du
1974an Brinkolan ospatu zuten Euskal jaialdiaren 50. urteurrena da aurten. Garai hartako antolatzaileek egitarau berezia prestatu dute 2024ko abuztuaren 31n oroitzapenak biziberritzeko.
Datorren 2024ko abuztuaren 31n, Brinkola oroitzapenez beteko da 1974an ospatutako jaialdiaren 50. urteurrena ospatzean. “Brinkolako bizitza kulturalean mugarri izan zen gertaera historiko hau biziberrituko da herrikideak, partaide ohiak eta bisitari berriak nostalgiaz eta musikaz beteriko jardunaldi batean bilduko dituen jarduera sorta baten bitartez” ala azaldu du Jokin Matxinandiarena Mugarzak (Arribe, Nafarroa, 1957) antolatzaileetako batek.
Duela 50 urte, 17, 18 eta 19 urte bitarteko hogei gaztek osatutako talde batek Brinkolako jaiak lehen aldiz antolatzeko abenturari ekin zion. “Oraindik ez ginen adin nagusikoak, garai hartan adin nagusitasuna hogeita bat urterekin lortzen baitzen”, gogoratu du Pello Agirrezabal Urzelai (Brinkola, 1955), antolatzaileetako beste batek. Hala ere, “esperientzia falta ez zen eragozpena izan, eta, gogotsu eta determinazioz, auzoko memoria kolektiboan arrasto ezabaezina utzi zuen jaialdia gauzatzea lortu genuen”.
Garai hartako testuinguru politikoa aipagarria zen. Francok boterean jarraitzen zuen, eta erregimenak murrizketa eta zentsura gogorrak ezartzen zituen. “Jaialdia antolatzeko udaletxera joan behar zenuen, Egileen Elkarteak baimena eman behar zizun, eta abestuko ziren letra guztiak eman behar zenituen, onar zitzaten”, azaldu dute. Prozesu horren barruan sartzen zen abestiak gaztelaniara itzulita Guardia Zibilaren oniritzia lortzea; “erronka esanguratsua zen, baina asmatu genuen hura saihesten”.
1974ko jaialdiak izen handiko artistak bildu zituen: Pantxoa eta Pello, Benito Lertxundi, Jon Enbeita eta Egan taldea, besteak beste. Koro Urbieta gazte donostiarrak ere bat egin zuen. “Hain oroitzapen ona genuen, hain ondo atera zen eta jaialdi gehiago egin ditugu… lagun arteko afarietan gogoratzen dugu”, esan du Agirrezabalek.
Urteurren hau ospatzeko, egitarau berezia prestatu dute, eta 12:30ean hasiko da “Euskal kantagintza: nondik norakoa” izeneko mahai-inguruarekin. Matxinandiarenak moderatuko du, eta Pantxoa Carrere, Peio Ospital, Jon Enbeita, Koro Urbieta, Mikel Utreaga, Jose Maria Telleria eta Jose Angel Urbieta izango dira bertan. Euskal musikaren bilakaeraz hausnartzeko eta iraganeko istorioak eta bizipenak partekatzeko gunea izango da hitzaldi hori.
14:00etan, herri bazkaria egingo dute, bertako akordeoilarien musikarekin girotuta. Kantu bazkari modura antolatu dute, partaideak kantatzeko prest joan beharko dira beraz.
19:00etan 1974ko jaialdian kantatu ziren kantuak joko dituzte eskualdeko artista gazteek. Parte hartzaileen artean daude Xabier Barriola, Jesus Castillejo, Iñigo Caballero, Maria Redondo, Jose Angel Urbieta, Amaia Aranguren, Mikel Alustiza eta Zumarragako trikiti taldea, besteak beste. Horrez gain, Brinkolako ereserkia ere entzungo da, beste kantu “sorpresa” batekin batera, antolatzaileek esan duten bezala “hemengo denon lagun on batentzat izango da, ez du esperoko”.
1974ko jaialdia ez zen musika ekitaldi bat bakarrik izan, errepresio handiko une batean egindako manifestazio kultural eta politiko bat ere izan zen. “Bertsoak gure eskubideak aldarrikatzeko genituen modu bakarretakoak ziren, idatziak zentsura ugariren menpe zeudelako”, gogoratu du Matxinandiarenak. Bertso eta kantuen bitartez, bertaratutakoek euren nortasuna eta nahiak adierazi ahal izan zituzten, askatasun kontrolatuko ingurune batean.
Ekitaldi hori antolatzea lan izugarria izan zen, eta jende askoren laguntza behar izan zen. “Antolakuntzan jende asko zegoen gugandik aparte, hori antolatzeko jende asko behar zen”, azaldu dute. Kioskoa pinu enborrekin eraikitzetik alokairuko aulkiak lortu eta espazioa apaindu arte, xehetasun bakoitza kontu handiz zaindu zuten. “Argiketaria etortzen zen eta argiekin dena jartzen zuen, askaria ordaindu besterik ez zitzaion egin behar”, esan du Agirrezabalek, jaialdia posible egin zuten ahalegin bateratuak gogora ekarriz.
Joakin Balerdi Arriaran, (Brinkola, 1954), jatorrizko antolatzaileetako bat, Brinkolan egon da bizi guztia, eta funtsezko figura izan da urte hauetan guztietan auzoko kultur jardueren antolaketan. Beste hainbat kiderekin batera, jai tradizioa bizirik mantendu dute, garai bakoitzeko aldaketa eta beharretara egokituz. “Jaialdi formatua aldatuz joan da urteetan”, azaldu dute. Euskal kirolak sartu zirenetik rock kontzertuak egin arte, bilakaera izan du jaialdiak, baina betiere bere esentzia komunitario eta kulturalari eutsiz.
Brinkolako jaialdiaren 50. urteurrena ez da ekitaldi arrakastatsu baten oroigarria bakarrik izango, baizik eta euskal kulturarekiko egindako omenaldia ere bai. “Duela berrogeita hamar urte bizi izan genituen une horiek birsortu edo berpiztu nahi izan ditugu”, diote antolatzaileek. Omenaldi hau, bertako artista gazteen laguntza eskuzabalari esker posible da.