Josu Mujika Aiestaranen senideek kereila bat jarri dute haren hilketan parte hartu zuten polizien aurka
Espainiako Poliziak Josu Mujika Aiestaran legazpiarra Madrilen hil eta 49 urte ondoren, Mikel Lejarza 'El lobo' goitizenez ezaguna den polizia infiltratuaren eta beste hainbat poliziaren aurkako kereila aurkeztu dute Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak eta Mujiren senideek. Hilketan, ustez, gizateriaren aurkako delituak izan zirelakoan aurkeztu dute salaketa hori. Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko biktimatzat aitortu zuten legazpiarra iaz.
Josu Mujika Aiestaran legazpiarraren senitartekoek kereila kriminala jarri dute gaztearen hilketan parte hartu zuten polizien aurka. Tartean da, besteak beste, Mikel Lejarza El lobo goitizenez ezaguna den polizia infiltratua. Senitartekoak sinetsita daude Mujika gizateriaren aurkako delituen biktima dela. Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren laguntzarekin jarri dute kereila.
Mujika Aiestaran giza eskubideen urraketen biktima izan zela aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak iaz. Txostenean nabarmendu zuen bertsio ofizial kontrajarriek ez zutela argitu Madrilen duela 49 eraildako gaztearen heriotza. Memoria demokratikoaren legeak gertatutakoa delitu preskribaezin eta amninstiazein egiten duela sinetsita, Mujikaren senideek eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak kereila aurkeztu dute heriotzean parte hartu zutela aitortu duten Mikel Lejarza El loboren, Jorge Cabezas poliziaren eta beste hainbat poliziaren aurka. Zigor penalik ez dute eskatu baina benetan gertatutakoa jakin nahi dute. “Familiak nahi duena da egia juridikoa, eta hori lortzeko bide bakarra da kereila bidez egitea. Familiaren nahia ez da prozesu juridiko batean sartzea, baina jakin nahi dute da zer gertatu zen”, esan du Juan Mari Olaizola da Mujikaren senideen bozeramaileak. Justiziak erabakitzen duenaren zain, Espainiako epaitegiek eskaera onartzen ez badute nazioarteko auzitegietara jotzeko prest dira.
1975eko uztailaren 30a
Mujikak 23 urte zituen poliziak atzeman zuenean. 1975. urteko uztailaren 30a zen, Franco hil baino lau hilabete lehenago. Madrilen izan zen, Segoviako (Espainia) kartzelan ziren preso politikoen ihesaldia prestatzen. Atxilotu zuten egun berean erail zuten, eta lau bertsio zabaldu zituzten poliziak: bihotzekoa izan zuela, bere buruaz beste egin zuela, tiro-trukean hil zela eta ihes egiten saiatu zela eta tiro egin behar izan ziotela.
Lejarzak behin baino gehiagotan onartu du heriotzean parte hartu zuela. ETAn infiltratua ibili zen Lejarza, eta bere bizipenen harira hainbat liburu idatzi eta hainbat adierazpen egin ditu. Zehazki, urtarrilaren 13an Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean esan zuen «berriro» egingo lukeela. Jorge Cabezasen kontra ere jarri dute kereila. Polizia komisario horrek 2003an argitaratutako liburu batean —Yo maté a un etarra: secretos de un comisario de la lucha antiterrorista (Etakide bat hil nuen: borroka antiterroristako komisario baten sekretuak)— adierazi zuen polizia operazio hartan parte hartu zuela: gertakariak izan zirenean lekukotza eman zuten beste lau polizia armatu eta orduko gobernazio ministro Jose Garcia Hernandez ere sartu dituzte kereilan. Eta «terrorismoaren» kontrako unitateko beste zortzi polizia eta beste hamasei polizia armatu ere bai, zuzenean edo zeharka parte hartu zutelakoan gertakarietan.