Eraikin publikoetarako izango da Loinatz futbol zelaiko eguzki plaken energia
Azpiegitura berriarekin, udal eraikinen urteko beharraren «%35 inguru» ekoiztea espero du Udalak.
Beasaingo Gobernu Batzordearen erabakien artean, Loinatz udal futbol zelaiko harmailen estalkian kokatu diren eguzki plaken lanak gauzatu izanaren likidazioa dago. 120 kW-ko potentziadun eguzki plakak ipini dituzte. Hauen bidez jasoko den eguzki energiaren bitartez, «urtero 98.105 kWh» energia ekoiztea espero du Udalak. Udal eraikin guztiek (kiroldegia ezik, bere instalazio propioa du) «urtean 275.352 kWh» kontsumitzen dutela nabarmendu dute. Azpiegitura berriarekin, kopuru horren «%35 inguru» ekoiztea espero da. Aldi berean, «urteko 45.367 kg CO2» atmosferara ez isurtzea lortuko da, hau da, «urtean 5.040 zuhaitzek xurgatzen duten CO2 kantitatea».
Azpiegitura honen bizi iraupena «25 urtekoa» izatea aurreikusi dute. Epe horretan, «1.134.000 CO2 Kg atmosferara ez isurtzea lortuko da», udalaren esanetan.
Eguzki plaken azpiegitura berri honen inbertsioa «86.372,37 eurokoa» izan da, eta EVEtik jasotako dirulaguntzari esker gauzatu ahal izan da. Egungo elektrizitate kostuen arabera, sei urtetan inbertsioa amortizatuko litzateke. Lanak Leycolan S.A.L. enpresak burutu ditu.