Zegamako haur eta nerabeek, badute zer egin uda
2 eta 3 urte bitarteko haurrentzat Zegamako Udalak txoko bat egokitu du. 3 eta 10 urte bitartekoentzat, berriz, udaleku irekiak. Eta 12 eta 18 urte bitarteko nerabeak Araban izan dira egun batzuk
Zegamako Udalak antolatutako udaleku irekietan 3 eta 10 urte bitarteko 135 haurrek eman dute izena aurten. Hemezortzi hezitzaile eta koordinatzaile bat ere badaude taldean. Askotariko ekintzak egin dituzte: ur jolasak, eskulanak, ihes gelak, begirale galduaren bila, eguneko zentrokoei bisita eta ekitaldia, euskal festa, txorauta dinamika… eta oraindik gehiago ere egingo dituzte, uztailaren 30era arte egongo direlako.
Bestalde, 2 eta 3 urteko haurrentzat Udako Haur Txokoa antolatu du udalak, eta zazpi haurrek eman dute izena bertan. Bi hezitzaile arduratzen dira hemengo ekintzen antolaketaz.
Azkenik, Bele Gazte Gaztelekuan 12 eta 18 urte bitarteko nerabeei eskainitako programazioan, 90 nerabeek eman dute izena. Orotara bederatzi ekintza izan dira adin tarte honi proposatutakoak, beti ere, beraien iritziak aintzakotzat hartu direlarik programazio hau egiterako garaian: fitness saioa, hi selfie jolasa, Urbiara mendi irteera… izan dira ekintzetako batzuk. Pasa den astean, herriko 75 nerabek bi egunetako irteera egin zuten; lehen egunean Sobrongo (Araba) abentura parkean izan ziren eta bigarren egunean Langraiz Okan (Araba). Ikasturteari amaiera emateko, uztailaren 23an Murgizelain afari ederra egin zuten denenek batera. Nerabeez gain, udalekuetako hezitzaileak ere bertan izan ziren.