Arte martzial bat baino gehiago
Hodei Barandiaran beasaindarrak shorinji kenpoan lehenengo dan titulua lortu du. Down sindromea du eta arte martzial hau egiteak onura handiak ekarri dizkio. Beasaingo taldeko kidea da duela 15 urte.
Hobetzeko eta ikasteko grina ditu Hodei Barandiaran beasaindarrak. Shorinji kenpoa egiten du Beasaingo taldearekin, eta gerriko beltzeko lehenengo dan maila gainditu berri du, ikasturte osoan, azken hilabeteetan batez ere, gogor lan egin eta gero. «Oso pozik» eta «harro» dago. Lorpen «handia» izan da berarentzat.
Iragan ostiralean egin zuen azterketa eta larunbatean jaso zuen titulua. Gelaren erdian guztien aurrean ipini behar izan zuen, eta maisuak agindutakoa egin. «Bikain» egin zituen teknika guztiak, eta lagun eta familiarekin ospatu zuen. «Lasai» egin zuela kontatu du. Urduritasun eza, etxeko lanak ondo eginak zituen seinale.
Lana eginda, oztopoak gainditzea posible dela erakutsi du Barandiaranek. Down sindromea du, eta kenpoa aurkikuntza handi bat izan da berarentzat. Bost urterekin hasi zen arte martzialen diziplina hau lantzen, eta hogei beteak ditu jada. «Onuragarria izan da guztiz», nabarmendu du Goretti Etxeberria Hodeiren amak. «Jarduera fisikoak eta kirolak, kasu honetan shorinji kenpoak, gaitasun fisiko eta motorra, koordinazio orokorra, motrizitatea eta oreka hobetzen lagundu dio» kontatu du Etxeberriak. «Kenpoan hasi aurretik, eskailerak bi hankekin, banaka-banaka jaisten zituen, hanka puntetan edo orpotan ezin zuen jarri, salto ere ez zuen egiten,… Kenpoarekin aurrerapauso handiak egin ditu, eta zerrendatutako guztiak egiten ditu», azpimarra egin du.
Familia handi bat
Beasaingo Shorinji Kenpo taldera hurbildu zirenetik «erraztasunak baino ez ditugu izan» adierazi du pozez Hodeiren amak. Gizarte inklusiboago baten bidean, Beasaingo Shorinji Kenpo taldeak aspaldi zabaldu zizkien besoak arte martzial hau praktikatu nahi duten denei. «Familia handi bat da», aitortu du Etxeberriak.
Maila desberdinetako ikasleek batera egiten dituzte lan saioak. Ariketak egiteko, banaka, batzuetan, eta binaka, egiten dituzte, besteetan. Gehiago dakitenek, gutxiago dakitenekin entrenatzen dute. Kenpoko teknikak baino gehiago lantzeko egiten dute horrela. Harremanak lantzen dute, enpatia, lagunkoiak izaten ikasi.
Maria De Pedrorekin osatu du lan taldea, Barandiaranek, azterketa prestatze aldera. «Estimu handia hartu diogu elkarri, batera lan eginda, elkarrengandik ikasi dugu. Ohorea izan da niretzat Hodeirekin lan egitea», nabarmendu du De Pedrok.
Hodeirentzat ere «oso pertsona garrantzitsua» bihurtu da De Pedro, «lagunak» egin dira. Aitortu du «oso gustura» lan egin duela Mariarekin, «hasiera-hasieratik erraza» izan dela batera bide hau egitea.
Lehenengo dan maila gainditzea, bien lorpena izan da beraz. Talde lanaren emaitza da, nolabait. De Pedrorentzat «oso pozgarria» izan da Barandiaranen lorpena; «Nirea bezala sentitzen dut» esan du lortu duten konplizitate handiaren seinale.
Baina hemen ez da amaitzen. «Bigarren dan maila atera nahi dut» jarri dio erronka bere buruari Barandiaranek. Irailetik aurrera, «lanean segitzeko prest» dagoela esan du.
Bakuntza taldea
Shorinji kenpoaz gain, «beste zaletasun batzuk» ere baditu Barandiaranek, «eta beharrak» osatu du Hodeiren amak; «Oso lagungarri zaio kenpoa, zalantzarik gabe, baina horrek ez du esan nahi gizartean integratuta dagoenik. Down sindromea izanagatik, aisialdirako oztopo gehiago dituzte, kalera atera eta taberna batean zerbait hartzeko lagun talde bat izatea zaila izaten da,…» azaldu du Etxeberriak egunerokoaz.
Behar horretatik sortu zuten Bakuntza elkartea. Guraso talde baten ekimenez sortu zuten. «Dantza ikastaroak, antzerkia, irteerak,…» egiten dituzte. «Ongi pasatzeko, lagunak izateko, dibertitzeko,…» da Bakuntza. Eskualde osoko eta kanpoko pertsonak biltzen ditu. «Denontzat irekia da, talde inklusiboa da» gogoratu dute.
Barandiaranek nabarmendu du «askoz ere hobeto» dagoela taldea sortu zutenetik. Orain arte sekula egin ez dituen gauzak egin ahal izan dituela. Momentuz ez dute lokal propiorik eta lerro hauek baliatu dituzte espazio propio bat eskatzeko, «garatzen jarraitu ahal izateko».