Igartzako zaindariak
Igartza monumentu multzoko teknikariak dira David Nieto eta Aroa Zuloaga. Beasaingo eraikin enblematiko hauetan barrena bisitariak gidatu, bertako espazioak zaindu eta edozein ekitalditarako prestatzeaz arduratzen dira. Euren egunerokoa erakusteko tartea hartu dute.
Gida turistikoaren funtzioak askotarikoak dira. Garrantzitsuena eta nabarmenena, herri bateko leku enblematikoetatik ibilbide turistikoetan dauden talde eta gizabanakoak zuzentzea da, beren kultura, ondare eta gastronomiari buruz ezagutu behar dituzten daturik garrantzitsuenak kontatzeko. Horretarako, gidariak aldez aurretik ikertu beharko du informazio egokia izateko, baita diskurtsoa egituratu ere, entretenigarria, aberasgarria eta gogoangarria izan dadin.
Beasaingo Igartza monumentu multzoan David Nieto beasaindarrak eta Aroa Zuloaga aiarrak ematen die bisitariei ongi etorria. Uztailaren 17tik hasita, egunero-egunero egin daitezke bisita gidatuak bertan. Internet bidez edo telefonoz deituta txanda hartzea gomendatzen da, baina asko dira, monumentura bertara inguratu eta hantxe galdetzen dutenak.
Beasaingo historiaren, Igartza Monumentu Multzoaren testuingurua eta tokiko turismo eskaintzaren inguruko xehetasun guztiak emateaz gain, Goierriko, Gipuzkoako eta Euskal Herriko txoko interesgarrienetara ateak zabaltzen dizkiete bertatik pasatzen direnei. «Bisitariaren beharrak ezagutu eta bideratu egiten ditugu. Ahalegintzen gara ere, ohiko turismo zirkuituetatik at dauden eskaintzak ere ezagutarazten» azaldu dute. «Natur parkeetako, ibilbideetako, gaztaren museoko, erretegietako eta sagardotegietako, industria ondarearen,… denetariko informazioa elkarbanatzen dugu, Igartza eta Beasain ezagutzera emateaz gain», deskribatu dute.
Beasainera, eta oro har, Goierrira inguratzen den bisitariaren profila, «adin desberdinetako bikoteak» izan ohi dira, «familia asko ere», dio Zuloagak. «Lasaitasun bila etorri ohi da jendea, kultura eta historia gustuko dutenak izan ohi dira, natur-guneen zaleak, eta freskotasunaren bila datozenak, batik bat» osatu du Nietok.
«Gustuko» dute egiten duten lana. «Hartu-emana izaten da bisita gidatuetan, eta guretzako oso dibertigarria da horrela lan egitea», nabarmendu du Nietok. «Gehienak aurrez hartutako txandarik gabe etortzen direnez, oso talde txikiak izan ohi dira, eta horrek duen abantaila da, oso bisita pertsonalizatuak izaten direla», borobildu du Zuloagak.
Igartzatik bisita
Igartzako bi zaindari hauek egiten duten lana pixka bat ezagutu ondoren, bisitariekin egiten duten itzulia egiteko aukera izan dugu. Igartza jauregian hasten dute bisita. Igartzako leinuaren oinordekoek, Maria Lopez de Igartza eta bere semeak, errege-erregina katolikoen bulda bati esker eraiki zuten gaur egun zutik jarraitzen duen jauregia. 1494. urte inguruan eraiki zen. Bertan bizi izan zen Maria Lopez de Igartza. Eraikinean sartu, eta patio zoragarria zeharkatuta, gaur egun erakusketa areto den gelara eramaten dituzte bisitariak. Monumentu multzoa berreraiki zireneko argazkiez osatutako erakusketa permanentea dago bertan.
Bisitari guztiak «ingurunearekin txundituta» gelditzen dira, baina gogoratzen diete, «XXI. mendeko lehenengo hamarkadan, Beasain zabaldu egin zela hirigintza aldetik. Igartza auzoaren urbanizatze lanak XX. mendeko 80. hamarkadan hasi ziren, baina aldi berean, Igartzako multzoa kontserbatu eta duen balioa aitortu zitzaion. Erakusketako argazkien bidez, duela hamarkada batzuk gune hori nolakoa zen ikus daiteke. «Indar lantegia gainean bait zegoen eraikita» gogoratu dute.
Ingurunearen berreraikitzetik igaro ondoren, pasabidean aurrera eginda, eskaileretan behera joan gara. Normalean, itxita egon ohi da, baina Nietok, sarbidean dauden oztopoak apartatu eta bagoaz behera. Jauregiaren sotoan gaude, bunker bat dirudi, eta ezkerrean, egurrezko egitura erraldoi bat dago. Zaharra dirudi.
Herritarren oroimenean harrizko presa geratu den arren, horren aurretik, ibaian gora, egurrezko presa bat eraiki zen, XVI. mendean. 1983ko uholdeetan berragertu zen, eta 1984an Aranzadi Zientzia Elkarteak bere ikerketak burutu zituen. Gaur egun jauregiko sotoan dago ikusgai. Presa hauek beharrezkoak izan ziren Igartzaren garapen ekonomikoarentzat. Honi esker, ibaiko ura biltzen zen eta aldaparo baten bitartez errota eta burdinola bezalako lantegi hidraulikoak urarekin hornitzen ziren. Presa hau haritz egurrarekin eraiki zen, eta egur-ingeniaritza bikaina erakusten du. Ezaugarri berezi hauek dituen musealizaturiko presa bakarra da Europa osoan. Albaola Euskal Itsas Kultur Erakundearen laguntzari esker muntatu ahal izan zen sotoan.
Sototik, jauregiaren azken solairura. Hainbat bitxikeria erakusten dituzte bertan, hala nola, gaur egun hitzaldietarako areto den gelako paretetan dauden pinturak. «Ikerketen emaitzek diote,…. direla, hainbat hitz irakur daitezke bertan, eta hainbat marrazki ageri dira.
Jauregiko txokoak ezagutu ondoren, errotan egiten dute hurrengo geldialdia. Igartzako errotaren egiteko nagusiak zereal aleak eho, irin ezberdinak lortu eta ogia egitea izan ziren, bai inguruko herritarrentzat baita bidegurutzetik pasatzen ziren bidaiarientzat ere. XVII. mendean eraiki zen eta 1982 arte martxan egon zen. Gaur egun, eraikinean lau atal bereiz daitezke: errota, errotarien etxebizitza, aldaparoa eta turtuki-sistema.
Azken geldialdia, burdinola. Igartzako burdinolari buruzko lehen aipamen idatziak XV. mendekoak izan arren, gaur egun ikus daitekeena, 1782. urtean berreraikitako eraikina da. XIX. mendera arte egon zen martxan. Gaur egun, erakusketa areto gisa erabiltzen dute.
Tokiko historian eta berezitasunetan barrena ibilbidea egin ondoren agurtzen dituzte bisitariak, hurrengora arte.