Ampo Ikolan txirrindulari taldeak emaitza ikusgarriak lortu ditu Iruñerriko Itzulian
Junior mailako euskal talde indartsuenetakoa dela erakutsi du. Lau eguneko itzulian, taldekako saria irabazi dute goierritarrek eta Ander Otegi hirugarren kokatu da nagusian. Adur Arrizabalagak etapa bat ere irabazi du.
Denboraldiko hirugarren itzulia emaitza ezin gustagarriagoarekin amaitu du Ampo Ikolan txirrindulari talde goierritarrak. Uztailaren 20tik 22ra, 38. Iruñerriko Itzulian lehiatu dira, junior mailako lau eguneko proba gogorrean. Taldekako sailkapen nagusia Ampok irabazi du, egunero ziklista juniorrek egindako lan erregularraren eta top-10ean lortutako postuei esker.
Aurreneko etapatik erakutsi zuten sugarra goierritarrek, Ander Otegi zegamarrak Iruñea-Mutiloa (111,9 km) etapa laugarren amaituta. Hirugarren egunean jo zuten, ordea, mahai gainean kolpea. Otegik berak Undiano-Undiano etapan (109,5km) hirugarren egin zuen, eta Ampok sailkapen nagusiko lidertza hartu zuen, taldekakoan.
Laugarren eta azken etapan, txapeldunen gisan bukatu zuten Ampokoek: Adur Arrizabalaga zegamarrak irabazi zuen Iruñea-Iruñea etapa (113,3km), ihes eginda helmugaratuta eta itzuliko mutil indartsuenak izan diren Hector Alvarez irabazleari eta Iker Gomez bigarrenari 33 segundo aterata.
Hala, Iruñerriko Itzulian taldekako saria Ampok jasotzeaz gain, sailkapen nagusian Ander Otegi hirugarren izan da, Hector Alvarezen (11:08:19) eta Iker Gomezen (11:08:19) ondoren, 14 segundora soilik. Kepa Ormazabal gabiriarrak 11. amaitu du itzulia (11:11:41), Valromeyko Itzuliko erorikotik errekuperazio azkarra gauzatuta. Mendiko sari nagusian, Ander Otegi bigarren geratu da, Ivan Roureren atzetik.