Beasain futbol taldea itzuli da lanera
21 jokalari ariko dira 2024-2025 denboraldian, 3. Mailatik igoko diren hautatuen artean lehiatzeko helburuz. 10 baja eta 9 berri aurkeztu dituzte gaurko lehen entrenamenduan.
Beasain KE klubaren lehen taldeak gaur ekin dio 2024-2025 denboraldia prestatzeko aurredenboraldiari. Ekaineko bigarren asteburura arte 3. RFEF kategoriako igoera fasean mailaz igotzeko lehian buru-belarri ibili ondoren, talde, gogo eta prestakuntza berriz heldu diote helburu zaharrari: 2025eko ekainean mailaz igotzeko borrokan egotea.
Jokalari berriei harrera egin, instalazioak erakutsi, lehendik jarraituko dutenekin elkartu, eta aurreneko korrika-saioak egiteko eguna izan da gaur. 19:15ean, Loinatz zelaira irten dira Beasain osatuko duten 21 jokalariak –bi falta ziren– eta teknikariak.
Kepa Lasa presidenteak eman die berriei ongietorria, eta banan-banan izendatu ditu jokalari guztiak, elkar aurkezteko. Egitura aldetik ez du aldaketarik klubak: zuzendaritza berak jarraitzen du, eta aulkian Mikel Arruabarrena entrenatzaileak gidatuko du taldea, bigarren modura Luis Clemente duela.
Iazko taldea baino nabarmen gazteagoa da aurtengoa. 10 baja izan dira, eta 9 jokalari berri iritsi dira, denak gipuzkoarrak. “Iaz baino askoz gazteagoa da taldea”, berretsi du Lasa presidenteak. Donostia, Lazkao, Villabona, Pasaia, Zarautz… herri askotako balioak batu ditu Beasainek.
Lehenbiziko partida, abuztuaren 10ean
Aurredenboraldiko partidak jokatzen abuztuaren 10ean hasiko da Beasain. Arcachon taldea hartuko du, Loiantzen, 11:30ean. Ondoren, beste bost partida dituzte hitzartuta: abuztuaren 14an 19:30ean San Ignacio (Loinatzen), 17an goizean Pasaia (Loinatzen), 24an triangeluarra Arrigorriagan Padurarekin eta Eibar Urkorekin; 27an San Juan (Loinatzen) eta 31n Anaitasuna (seguru asko Loinatzen).
Liga irailaren 7an hasiko da.
Beasain taldeko futbolariak 2024-2025:
Segiko dutenak:
Martin Artetxe, Aitor Morcillo, Aritz Eguren, Asier Sansinenea, Alex Iriondo, Julen Zubillaga, Iker Salamanca, Julen Etxeberria, Iban Claver, Markel Pita, Borja Lopez de Agileta eta Beñat Eizagirre.
Fitxaketa berriak:
Unai Vea, Alejandro Nores, Asier Lazkano, Eneko Lizaso, Julen Olasagasti, Beñat Gonzalez, Koldo Ferrer, Eñaut Mendia eta Ander Bengoetxea.
Bajak iaztik:
Iraitz Gelbentzu, Iban Balerdi, Julen Etxaniz, Josu Rezola, Jon Artzamendi, Mikel Aizpurua, Alain Eizmendi, Eneko Eizmendi, Ander de la Parra eta Ximon Aranguren.
Entrenatzaileak: Mikel Arruabarrena; bigarrena Luis Clemente.