Kale asfaltatze lanak egingo dituzte Beasainen
Abuztuaren 1ean hasiko dira lanean, eta astebetean zenbait bide berrituko dituzte. Ezingo da aparkatu egun pare bat lehenagotik.
Beasaingo Udalak udako kale asfaltaketa lanei ekingo die, aste honetan, abuztuko oporraldia baliatuz eta errepideen mantentze programaren barruan. Herriko zenbait kaletako bidea berrituko dute, honako lekuetan: Joan XXIII.a, Arantzazu, Erauskin, Garmendia Otaola, Nekolalde, Foru eta Iturriotz kaleak.
Lanak abuztuaren 1ean hasiko dituzte, eta astebete iraungo dute. Lehentasunaren arabera asfaltatuko dituzte kale-eremu horiek. Hala, ostegunean Erauskin kalean, Garmendia Otaola eta Oriamendi kaleko bidegurutzean eta aldapan, eta Nekolalde kalean hasiko dira. Egun horretarako kaleak libre egon daitezen, kale horietan autoak aparkatzeko debekua lehenago ezarriko du udalak. Bihar, asteartea (uztailak 30), 08:00etatik aurrera ezingo da aparkatu leku horietan.
Abuztuaren 2an, Foru kalean jarraituko dute, Zapatari kalearen bidegurutzetik aurrera. Abuztuaren 6an Zaldizurreta kalea eta Iturriotz kaleko 15 zenbakiko garaje-sarrera berrituko dituzte. Azkenik, abuztuaren 7an eta 8an, Joan XXIII.a eta Arantzazu kaleetan bukatuko dute.
Abiadura mantsotzeko koskak
Zoru berritzea aprobetxatuko dute kale horietan ibilgailuen abiadura motelarazteko dauden koskak edo kuxinak aldatzeko ere. Zaldizurreta kalean eta Foru kalean –Dolarea parkearen parean– berlindar kuxin erako oztopo berriak kokatuko dituzte.
Mantentze lan horiek Yarritu SA enpresak egingo ditu, eta 78.585,71 euroko inbertsioa (BEZa barne) egingo du udalak.