Maide Garmendiak eta Izadi Arrospidek irabazi dute emakumeen binakako sega-sail lehiaketa
Susana Lopez laugarren izan da. Bikoteka, 300 metro koadro ebaki behar izan dute, Altzon jokatutako lehiaketan.
Almitza sega elkarteak antolatutako III. Emakumeen Binakako Sega Sail Lehiaketa larunbatean jokatu zen, Altzon (Gipuzkoa). Zaldibiara ekarri du txapela Maide Garmendia segalariak, Izadi Arrospiderekin osatutako bikoteak irabazi baitu txapelketa. Lau bikotek parte hartu dute, eta bakoitzak 300na metro koadroko saila ebaki behar izan du, azkartasuna eta ebakeraren txukuntasuna kontuan izanda.
Berakoetxea baserriko etxeazpiko sailean jokatu zen lehiaketa. Lehian, Garmendiaz gain, Susana Lopez zaldibiarra ere bazen. Laugarren egin zuen, Luixa Uzkudunekin bikotea osatuta.
Sailkapena:
1. Maide Garmendia eta Izadi Arrospide, 14:57
2. Alaitz Imaz eta Jugatx Agirre, 15:22
3. Irati Astondoa eta Malou Henriksen, 16:09
4. Luixa Uzkudun eta Susana Lopez, 17:28