Oiharte sagardoa eta Aizpea gazta, Azpeitian sarituak
Zeraingo sagardotegiak irabazi du Santiotako 50. Sagardo Txapelketa, lehenengo aldiz parte hartuta. Olaberriko gaztandegia 24. Ardi Gazta Lehiaketan nagusitu da.
Azpeitiko sagardo txapelketak urrezko ekitaldia izan du, aurten. 50. aldia Santiago egunez, uztailaren 25ean jokatu zen, ohi bezala baserritarren egunean. 23 lehiakide aurkeztu ziren, eta denetan onena Zeraingo Oiharte sagardotegia izendatu dute. Aurreneko aldiz parte hartu dute Oihartekoek Azpeitian, eta 137 puntu jasota, “sorpresaz” hartu dute aitortza. Petritegi (134 puntu) geratu da bigarren, eta Alorrenea hirugarren (133).
Feria berean, 24. Ardi Gazta Lehiaketa ere jokatu da, eta sari guztiak gaztagile goierritarrek eskuratu dituzte. Txapela Olaberriko Aizpeak lortu du (329,5 puntu), bigarren Idiazabalgo Gaztainaditxuloko Ander Barandiaran (314,25) izan da, eta hirugarren Ilarduiako (Araba) La Leze gaztandegia (311,5), goierritarrek kudeatua. Ordezkoek jaso zituzten sariak. Kronika osoa, GUKAn.