Udako aurreneko bero oldeak alerta laranja ekarri du
Atzo 36 graduko maximoa neurtu zuen Eztanda estazio meteorologikoko termometroak. 20 graduko gau epelaren ondoren, gaurko eta biharko ere alerta laranja aktibatuta dago beroagatik.
Udako lehenbiziko beroaldia Goierrin da. Atzotik bihar arte, hiru bat eguneko bero oldea egingo du. Bero handiagatik alerta laranja aktibatu du jaurlaritzak, eta gaur atzo baino gorago iritsiko den iragarpena egin du Euskalmetek: 37-39 gradu harrapa ditzake Goierrin. Biharko ere alertak indarrean jarraituko du.
Atzo, Beasaingo Eztanda estazio meteorologikoan neurtu zen Euskalmeten sareko tenperatura altuena, Goierrin: 36 gradu, 15:00etan. Aitzun (Urretxu) 33,7 grdu, Zegaman 33, Matxinbentan 32,8 eta Agauntzan 32,1 gradukoak izan ziren gehienekoak, 14:00etatik 15:00etara bitarteko tartean.
Bezperako gauean minimoa 16,9raino jaitsi zen, ordea, Zegaman. Bart, berriz, 20 gradutik ez dira beheratu gutxieneko tenperaturak Goierrin.