Zuhatz Sukia ataundarrak estatuko pisu jaurtiketa txapelketan brontzea lortu du
20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan hirugarren geratu da, 16,63 metroko jaurtiketarekin.
Zuhatz Sukia jaurtitzaile ataundarrak brontzezko domina bat irabazi du Espainiako 20 urtez azpiko aire libreko Atletismo Txapelketan. Asteburuan Castellon (Herrialde Katalanak) jokatu da txapelketa, eta pisu jaurtiketan hirugarren egin du Sukiak. 16,63 metrora bota du bola, eta brontzezko domina merezi izan dio, Mateo de Castro (17,96m) eta Fernando Vallines (17,92m) jaurtitzaileekin podiumera igota.
Odei Lopez legorretarrak entrenatzen du Sukia, Txindoki atletismo taldean, Ordizian. Oro har, “gehiagoren nahian” joan zirela aitortu duen arren, pista irekiko txapelketarekin itxi den denboraldi zatiaren balorazio ona egin du. “Baina zer izan da aurtengo urtea? Nire pertsonan ia entrenamendu bakoitzaz disfrutatu dut, sekula ikusiko nuenik uste ez nuen errendimendua ikusi dut, baino batez ere, gozatzen eta elkar laguntzen ikusi zaituztet”, eskertu eta txalotu ditu kirolariak.
Abuztuan atseden tartea hartuta, irailean berrekingo diete berriro entrenamenduei. “Urte batzuk barru, lortutakoa gehiago baloratuko da”, ohartarazi du Lopezek.