"Atxilo zezaketen, baina hil egin zuten"
Josu Mujika Aiestaranen sendiak argi du segada batean hil zutela. Ez dute ahazteko 1975eko uztailaren 30ean eta ondorenean bizi izandakoa.
Legazpi (Gipuzkoa) borborrean zegoen 1970eko hamarkadan. Beste hainbat herriren eta hiriren gisan, industrializazio bete-betean, Patricio Echeverria burdindegia zen enpresa nagusienetakoa. Frankismoaren amaiera zen, eta aldaketa gogo bizia zegoen kalean. Hala dute gogoan Josu Mujika Aiestaranen senideek eta bikokide ohiak. Mari Karmen, Regina eta Jose Mari Mujika Aiestaranen, Josuren anai-arrebak, Aitor Gine Mujika iloba eta Maria Jesus Lezeta bikotekide zuena elkartu ditu BERRIAk, Legazpin. Mikel Lejarza El Lobo-ren kontrako kereila jarri dute, haren hilketan parte hartu izana egotzita. ETAn infiltratutako polizia zen El Lobo. Hilketa hartan parte hartu zuela aitortua du zenbait hedabidetan emandako elkarrizketetan, azkena urtarrilean, Radio Euskadin. Madrilen izan ziren gertakariak, 1975ean, gaurko egunez duela 49 urte.
Sendiak ez du ahazteko orduko Legazpiko giroa. Langile mugimendu bizia zegoen, eta kaleak hartzen ari ziren era guztietako aldarriak. Josu Mujika ETA pm-n sartu zen. Haren komandokideak atxilotu zituztela jakin zuenean, etxetik ihes egin zuen, 1975eko apirilaren amaieran. Nortasun agiri faltsua zeukan: Marcos Perez Gonzalez. Urte hartako uztailaren hondarrean, Lezeta bikotekidearekin elkartu zen Otzaurten, Zegaman, Gipuzkoan, eta hari esan zion kanpora joan behar zuela eta irailean deituko ziola. Lezetak gogoan duenez, esan zion konfiantzarik ez ziola ematen komandoko kide batek, baina dena lotua zegoen Madrilen, eta aurrera egin zuen. Segoviako kartzelatik ihes egin behar zutenentzako nortasun agiri faltsuak plastifikatzeko makina alokatzea zen Madrilen zuten egitekoa. Madrilen, autoan zihoazela, Polizia segika zutela sumatu zuten. Autoa geratu eta korrika ihesi zihoazela tirokatu zuten Mujika. Komandoko beste bi kideek ihes egitea lortu zuten. Laugarrena El Lobo zen. Segada bat izan zela ez du zalantzarik sendiak: «Atxilo zezaketen, baina hil egin zuten», esan du anaiak, Jose Mari Mujikak.
[Erreportaje osoa, Berria-n]