Ordizia errugbi taldeak "oraingoz" ez du Gipuzkoako besteekin bat egingo
Ohorezko B Mailan talde bateratua sortzeko egitasmora ez da batuko, nahiz eta proiektua aztertzeko lantaldean badagoen. Bere taldeekin jarraituko du Ordizia Errugbik.
Ordiziako Errugbi Elkarteak bere taldeei eta egiturei eutsiko die. Gipuzkoako zenbait elkartek errugbi talde bateratu bat ateratzeko duten egitasmoan ez da sartuko, “oraingoz”. Klubak lehengo asteartean egin zuen urteko ohiko batzar nagusia, eta ez dute bestelako erabakirik hartu bazkideek, Noticias de Gipuzkoa egunkariak igandean Koro Bosque lehendakariari hartu dizkion adierazpenen arabera.
Ohorezko B Mailan Zarautzek eta Bera Berak indarrak batzeko erabakia hartu dute, eta Gipuzkoa Sortzen talde bateratua aterako dute zelaira. Hernanik ez du azkenean bat egin, eta bere taldeari eutsiko dio.
Ordiziaren kasuan, Bosquek azaldu du kluba joaten dela proiektu horren lantaldearen bileretara, “zer hitz egiten den jakiteko eta etorriko zaigunaren parte izateko”. Baina oraingoz ez dela askorik garatu gaineratu du. “Etorkizunaz hitz egiten ari da. Guk, printzipioz, gauden bezala jarraituko dugu. Egunen batean erabakiren bat hartu beharra baldin badago, asanbladak hartuko du, ez zuzendaritzak”, esan du lehendakariak Iker Andonegik egindako elkarrizketan.