Ordiziako azokan hutsuneak plazan, baina nobedadeak mahaietan
Indaba zuri berria, Santiago sagarra eta melokotoia eraman dituzte baserritarrek berritasun gisa.
Bestondoagatik edo oporren usainagatik ote zen, baina Ordiziako asteroko ferian postutan hutsuneak nabaritu dira, gaur. Bihar asteazkena, San Inazio jaieguna denez, bezperara aurreratu dute azoka, eta oraindik Plaza Nagusian jaietako girnaldak zintzilika direla egin da uztaileko azkeneko salmenta. Beasainen ere, normaltasuna lege, gaur egin da asterokoa, eta denak elikatzeko lain ez du eman baserritarren eta saltzaileen ahaleginak. Eguraldi sargoria eta lehen orduetan eguzkitsua egin du, eta plaza barruan ere itzalkiak zabalduta egon dira.
Baina mahaietako eskaintzak ez du hutsik egin. Nobedadeak izan dira. Potxak edo indaba zuri berria zegoen Patxi Arizmendiren postuan, kiloa 12 euroan. Roberto Ruiz sukaldariak erosi ditu kilo batzuk, jatetxerako. Santiago sagarra izan da beste berritasun bat, garaiari ohore eginez Gabiriako Jose Antonio Elosegik eramana (3,50 euroan). Melokotoia eskaini du, azkenik, Itsasoko Maria Jesus Oriak (2,50€).
Perretxiko eskaintzarik ez da izan gaur. Lasa oporretan izan da bi astean, eta perretxikorik gabe itzuli da. Barcina ez da etorri.
Loreetan, moztuetan agapantus urdina da berria. Aramako Maite Zurutuzak zuen, dalia, gladiolo eta beste lora batzuekin sortak egiteko, 5€ sorta.
Lore-landareetan, trantsizio garaia dela diote saltzaileek. Jeranio edo surfinia bezalako udako loreak azkenetan dira, eta aste batzuk behar dira oraindik negukoak iristeko, horien artean aslea, pentsamendua edo ziklamena.
Bestela, eta urtaroaren emankortasunaren isla, postuak barazkiz beteta izan dira. Aire librekok geroz eta ugariagoak dira: leka (6,50-7 € kiloa), kuiatxoa, luzokerra (2,50 €), pipermina (10-14 €), beste piper mota batzuk… Baina tomatea ez da iritsi oraindik, eta negutegikoarekin konformatu behar (5€).