Txakurrak lotuta erabili behar direla gogorarazi du Ataungo Udalak
Lehengo astean "sustoak eta erasoak" izan zirela, eta herritar batzuen kexen aurrean araudia errespetatzeko eskatu du.
Ataungo herrian txakurrekin gertatutako “susto eta eraso” batzuk direla tarteko, udalak gogoratu du animaliak lotuta eraman behar direla. Azken asteetan “kexa ugari” jaso ditu udalak txakurrekin esperientzia horiek izan dituzten herritarren partetik. Leku batzuetan –baserri bide zenbaitetan edo Kaxio herri bidean, adibidez– txakurrak aske erabili dituztela azaldu du udalak, ohar batean.
Bizikidetzarako arauak eta jarraibide hauek gogoratu ditu Ataungo Udalak, txakur jabeek bete beharrekotzat:
- Txakurrak lotuta eraman behar dira beti herri bideetan eta jendea dabilen eremuetan.
- Txakur arriskutsuak muturrekoarekin eta lotuta erabili behar dira.
- Txakurra daraman pertsonak gai izan behar du, txakurraren indarraren eta pisuaren arabera, edozein gertakizunetan txakurrak har dezakeen jarrerari erantzuteko eta eusteko.
- Baserri atarietan txakurrek lotuta edo nagusiaren zaintzapean egon behar dute.
- Txakur kakak jabeak jaso behar ditu, eta dagokion edukiontzira bota.
- Txakurren batek eraso edo kosk eginez gero, medikutara joan behar da, hark ikerketa-espedientea martxan jar dezan.