Urbian San Inazio festa ospatuko da
Urbiko Andre Mari ermitak irailean mende bat beteko du; bihar 11:30ean meza emango dute. Ondoren, Fondan, bertsolariak, artzain txakur lehiaketa, trikitilariak eta erromeria.
San Inazio eguna da bihar, uztailak 31, eta Urbian ohiturazko festa egingo dute. 11:30ean meza izango da, Andre Mari ermitan. Mendeurreneko ospakizuna izango da, ehun urte direlako baseliza inauguratu zutenetik. Bertsolariak ere kantuan ariko dira, meza garaian.
Ondoren, kalejiran Fondaraino joanda, han jarraituko du egitarauak. 13:00etan, artzain txakur lehiaketa egingo dute. Iker Zubeldia, Aratz Igartzabal, Eneko Araiztegi eta Mikel Etxezarreta bertsolariek saioa egingo dute, eta Miren, Agur eta Oier trikitilariek girotuko dute erromeria.
Urbiako ermita 1924ko irailaren 28an inauguratu zuten. Zaldibian jaiotako Aita Jose Adrian Lizarralde fraide frantziskotarra (1884-1935) izan zen bultzatzaile nagusia. Uda garaia Urbian igarotzen zuten artzainentzat mezak emateko eraiki zuten.
Marcelo Guibert arkitekto azkoitiarrak proiektatu zuen ermita. Eraikitzea 35.844 pezeta (trukera 216 bat euro) kostatu zen, eta erakunde publikoek eta enpresek dirua emanda, eta herritarren artean bilketak eginda finantzatu zuten.
Oñatitik Arantzazura joateko, Oñatiko Udalak autobus zerbitzua indartuko dute bihar. 55na tokidun bi autobus handi jarriko dituzte, eta egun guztian gora eta behera ibiliko dira. Oñatitik gora lehenbizikoa 07:30ean irtengo da, eta azkena 19:00etan Arantzazutik Oñatira.
Autobusek Oñatin geldiune bakarra izango dute, Arantzazuko Ama kalean 18 zenbakian. Arrikrutzeko/Jaturabeko aparkalekuan bihar ez dira geldituko.