Baztarrika eta Ondarre gaztandegiek Londreseko Great Taste 2024 lehiaketako sari bana irabazi dute
Arreta zaporeari ipintzen dion munduko lehiaketa garrantzitsuena da. Idiazabal jatorri izendapeneko bost gaztak lortu dute sari bana, tartean Jauregi eta Gorrotxategi goierritarren La Leze gaztak ere bai.
Gabiriako Baztarrika gaztandegiko gaztak eta Segurako Ondarre gaztandegikoak nazioarteko beste titulu bana lortu dute. Londresen jokatzen den Great Taste 2024 edo Dastaketa Handia lehiaketako sari bana jaso dute. Erabat gaztaren zaporean zentratzen dira epaileak hitzordu horretan, eta ezaugarri horretako munduko lehiaketarik garrantzitsuenentzat hartzen da. Idiazabal Gaztaren jatorri izendapeneko kontseilu arautzaileak arlo hori nabarmendu du, hain justu.
Idiazabal Gazta izeneko bost gaztandegik lortu dute. Baztarrikarekin eta Ondarrerekin batera, Joxemari Jauregi eta Elixabet Gorrotxategi goierritarrek Ilarduian (Araba) egiten duten La Leze gaztak ere lortu du Great Taste saria. Patxi Lopez de Uralde (Barrundia, Araba) eta Etxelekua (Urdazubi, Nafarroa) dira beste sarituak.
Ondarrek gazta ketuarekin bi izar jaso ditu; Baztarrikak gazta naturalaren eta ketuaren arloetan izar bana jaso ditu; eta La Lezek gazta naturalarekin izar bat.
Guild of Fine Foods argitaletxe ingelesak 1994tik antolatzen du Great Taste lehiaketa. Jaki eta produktu askotan bereizten dira lehiaketa. 500 adituk baino gehiagok, itsu-itsuan probatzen dituzte jakiak, zaporearen arabera epaitzeko. Nazioarteko errekonozimendu eta lorpen horiengatik, “harrotasuna” erakutsi du Idiazabal Gaztaren kontseilu arautzaileak.