CAFek urtearen lehen erdian iaz baino %52 gehiagoko irabaziak izan ditu
Urtarriletik ekainera bitarteko datu ekonomikoak eman ditu konpainiak. Taldeak 52 milioi euroko mozkina atera du. Kontratazioa, ordea, %12 jaitsi zaio.
Egoitza nagusia Beasainen daukan CAF Taldeak urtearen lehenbiziko sei hilen balorazio ekonomikoa egin zuen, atzo. Urtarriletik ekainera bitartean 52 milioi euroko irabaziak eduki ditu CAFek, iaz epe berean baino %52 gehiago. Emaitza gordina 79 milioikoa da. Sei hilabete horietan, bestetik, 1.723 milioiko kontratazio bolumena izan du, zeina %12 jaitsi zaion iaztik. Bigarren hiruhilekoan kontratazio zenbakia hobetu da, hala ere. Etorkizunerako, 900 milioiko balioko kontratazioak lortu zituen apiriletik ekainerako tartean.
Negozio-zifra ere hobetu du 2023tik: 2.080 milioi garbi, iaz baino %11 handiagoa.
Gaur egun, 13.843 milioi euroko baliodun eskariak ditu lotuta CAFek. Trengintzari dagozkio hortik 12.380 milioi, eta autobus elektrikoen negozioari gainerako 1.463 milioi. Iaz baino %3 eskari-kartera txikiagoa du, baina Espainiako Adif azpiegitura administratzailearekin seinalizazio lanetarako eta Europan autobus elektrikoak hornitzeko sinatzea falta zaizkion 170 milioi kontuan hartu gabe daudela ohartarazi du konpainiak.
Trengintzaren arloan, ekoizpen kostu altuen garaian itxitako proiektuak gauzatu behar izan ditu CAFek, eta horrek eragin negatiboa utzi du errentagarritasunean. Autobusen eremuan, aldiz, “aurrerapen nabarmena” lortu da eskari-karteren errentagarritasunean.
Eskari kopuru “handiarekin” 2026 arte espero duen hazkundea bermatuta dagoela aurreratu du CAFek. 2024. urtea salmentetan %10eko hazkundearekin ixteko aurreikuspena eta errentagarritasuna hobetzekoa ditu.