Sabino Auzmendi ataundar bertso jartzailea hil da
Bertsozalea txikitatik, bere kasarako bertsoak kantatu izan zituen. Baina bertso idatzietan utzi du ondare handiagoa, 1991n gertakariei eta eskariei bertsoak jartzen hasi zenetik.
Sabino Auzmendi Arratibel ataundarra atzo, ostirala, hil zen, 98 urterekin. Bertso jartzaile bezala zeukan afizioari eta dohainari esker, ondarea utzi du. Ataun San Martingo Urdangarintxiki baserrian jaioa 1926ko uztailaren 19an, txikitatik zaletu zen bertsolaritzara. “Lehenengo etxean ikasi nituen Santa Genobebaren eta Santa Barbararen bertsoak. Emakumeek kantatzen zituzten. Aita zenak ez zuen bertso asko kantatzen, ekarri egiten zituen hark bertsopaperak Billaprankatik. Eta ni haiekin saiatzen nintzen. Bi liburu txiki baziren”, gogoratu eta kontatu zion Goierriko Hitzari 2017ko elkarrizketa batean.
Aldarretan ezagutu zuen lehenbiziko juntadizo-lekua, mutikotan. Baina han bertso askorik ez zela entzuten zioen Auzmendik. Ondoren, kalera-eta hasi zenen, festetan kanpotik ekarritako bertsolarien zain-zain egoten zen. “Ni han egoten nintzen, bertsolarien eta soinu jotzailearen ondoan. “Bbietatik batere ez nuen ikasi” zioen arren, bertsotarako grina mantendu zitzaion barrenean. Bere kasara kanatzen zuen asko, eta zeukan memoria pribilegiatuarekin, berak sortu eta bota zuen aurreneko bertsoa ere gogoratzen zuen: “Artzarenera etorri ardo bila garrafoiarekin bizikletan, eta handik gure baserria ikusten nuen; gaur ez da igual ikusiko, arbolak luzatuta daudelako. Begiratu, bizikletaren gainean banator, eta ez bat eta ez bi, kantatzen hasi naiz: Nere sortetxe bihotzekoa, hantxe ikusten det goian./ Lehen hainbat babes eman zidana, oraindik ere eman nahian./ Bereganatu izan naiz inoiz, hain ibilaldi alaian./ Bisitalditxo bat egiten diot, astean ez bada jaian. Hori aurrenekoa. Bertso hori hor joan zen, baina gerora, idazten hasi eta gero, memoriara etorri zitzaidan”, kontatu zuen Auzmendik 2017an.
Oso gerora hasi zen bertsoak idazten eta jartzen. Batzuk, eskariz. Beste batzuk, inguruan gertatu zirenei edo ikusitakoei jarriak. 1991n hasi zen, Ataungo udaletxean antzinako mahai baten harira sortu zen polemikaren ondoren. Hurrengo 25 urteetan milaka bertso idatzi zituen Sabino Auzmendik. Lehenago kantatutakoak, jarritakoak edo eskariz egindakoak. Horietatik ia 800 ale 2017an bildu eta liburuxka batean argitaratu zizkion Atauniker elkarteak,
Ahotsak ahozko ondarearen proiektuari ere utzi zion bere testigantza.
Sabino Auzmendiren aldeko hilera elizkizuna gaur, larunbata, abuztuak 3, Tourseko San Martin elizan izango da, 17:30ean. Hilbeila Beasaingo Goierri ehorztetxean egingo diote (gaur, 10:00-12:30 bitartean).